Denek maite zuten Alex, oso

Lander Otaola, aktorea 2014ko uzt. 24a, 09:31
Argazkia: Iñigo Azkona

Campos antzokiaren sarrera, eszenatokia eta eserlekuak jendez gainezka egon ziren Alex Angulo aktoreari azken agurra emateko. Aktorearen argazki handi eta argiztatu batek zuzendu zuen ordu beteko ekitaldia. Eszenatokitik Gontzal Mendibil abeslaria, Asier Zabaleta dantzaria edota Iñaki Salvador pianista agertu ziren.

Oso momentu bereziak egon ziren atzo. Jimmy Barnatanek, adibidez, blues bat eskaini zion bere desagertutako lagunari jendeari malkoak ateraraziz. Ramon Aguirrek, Cesar Sarachuk eta Ramon Bareak, Alexen lagun minak eta kideak Karraka eta Comicos de la Legua taldean, hitz politak eskaini zizkioten oroitzapen eta gertakizun sentikorrak kontatuz. Gauaren momenturik hunkigarrienak izan ziren.

Jende artean Euskal Herriko aktore gehienak egon ziren: Aitor Mazo, Mireia Gabilondo, Loli Astoreka, Gurutze Beitia, Gorka Aginagalde, Ane Gabarain, Elena Irureta, Mikel Losada, Maribel Salas, Asier Hormaza eta hainbat gehiago. Baita Alex de la Iglesia eta Mikel Rueda zuzendariak ere.

Gauza bat argi geratu zen atzo: denek maite zuten Alex. Oso. Kide eta lagun oso ona zen. Aktore bikaina zela argi dago, baina bere bihotzaren taupadak antzokiaren leku guztietatik entzuten ziren. Oso pertsona eskuzabala zen Alex, eta atzo bere lagunek amodio hori itzuli nahi izan zioten.

Mikel Laboa edo Xabier Lete bezain beste, euskal mitoa bihurtu da Alex. Betirako. Aktore moduan, kide moduan, lagun moduan.

Eskerrik asko Alex eman diguzunagatik. Benetan.

 

 

Lander Otaola

 

[2014/07/21] Agur Alex!

[2014/07/23] Taula gainean omenduko dute Alex Angulo

[2014/07/24] Auzokide izan zuten Alex Angulori omenaldia egingo diote Atxurin