Maiatzaren amaieran hil zen Jose Iragorri kazetariari gorazarre egingo diote bere lankide eta lagunek gaur, irailak 5, 21:30etataik aurrera Kafe Antzokian. Hainbat musika taldek parte hartuko dute ekimenean, hala nola, Santi Delgado & The Runaway Lovers, Los Brazos, Jare,
Walk On Project, Travellin Brothers, Fakeband,
Doctor Deseo eta
M.C.D taldeek. Sarrerak 5€ balio ditu eta bildutako dirua Walk On Project fundazioarentzat izango da.
Jose Iragorri
Bilboko Herri Irratiko kirol kazetaria maiatzaren 30ean hil zen. Athleticen partidetako esataria izateagatik ezaguna zen Iragorri, eta talde zuri-gorriaren golak "bacalao, bacalao" oihu mitikoarekin ospatzen zituen. Etxebarrin jaioa bazen arren, Mahatserrian bizi zen, Txurdinagan.
1989-1990 denboralditik aurrekoraino egon zen irratian lanean, gaixotasun larri batek mikrofonoetatik aldendu zuen arte; Iragorrik bere ibilbidean talde zuri-gorriaren mila partida baino gehiago eman ditu.
Golak kantatzeko bere era bereziak eta Athleticeko jokalariei ematen zizkien izenek esatari ospetsu bilakatu zuten zale bilbotarrentzat.
Agur Hoss - Iker Elorriagak idatzitako agurra
Familia handia izan du Jose Iragorrik, zabala, jende askok maite zuelako. Iragorri ez zen mikrofono atzean eskutatzen den kazetarietako bat, beti adeitsu zegoen lekuan zegoela, horregatik da hain maitatua.
Zorionez bera ezagutzeko aukera izan nuen, nik eta beregana hurbiltzen ziren guztiek ere; alaia eta apala, fama era onenean zeraman gizona zen. Handia zen oso, bai tamainaz, bai bihotzez ere. Bihotz handi horretan edonorentzat zegoen lekua. Berak uneoro zeukan futbola buruan, Athletic zen bere talde kutuna; gaztaroan bertan jokatu zuen. Bizkaiko futbola goitik behera ezagutzen zuen, eta bere bi semeak, nola ez, txikitatik ikusi ditugu bai Maionan eta baita Artxandako zelaietan ere.
Bere ahotsak San Mames zaharreko armailetan iraungo du betirako. Nork ez du inoiz Athleticen gol batean “Bacalao, bacalao, bacalao” oihukatu? Berea izan da azken urteetako Herri Irratiko ahots paregabea. Partiduak kontatzerakoan zelaian bezala sentiarazteko ahalmena zeukan Hossek, eta zuzenean ikustea are harrigarriagoa zen. Askotan izan dut ikusteko aukera, eta kontaketa, narrazioa, deskribapena... ikaragarria zen.
Duela urte batzuk, Zientzia Politikoak ikasten negoenean berarekin bidaiatzeko aukera izan nuen. Gaztea banintzen ere, futbol entrenatzailea nintzen, eta Valladolidera joan ginen Hoss, Asier eta hirurok. Sekulako esperientzia izan zen. Adurizek bi gol sartu zituen eta Caparrosen taldeak Bilbora hiru puntuak ekarri zituen. Gauzak zer diren, azkenean Valladolidera bueltatu nintzen eta Kazetaritza ikasketak bertako unibertsitatean egin nituen.
Denok faltan izango dugu; familiak, lagunek, entzuleek eta bere alboan lan egin eta ikasi dugun guztiok. Badakigu Txapeldunen Ligako ereserkia entzuterakoan, hor egongo zarela, gure artean, Katedralean, zure etxean, betiko lekuan, inor baino ozenago “bacalao, bacalao, bacalao” oihukatzeko gogotsu.
Eskerrik asko Hoss!!!