BBK salan irailaren 22tik 26ra VI. BBK Euskal Poesia Jardunaldiak izango dira. Aurten inspirazio gisa Miguel Unamuno, Antonio Machado edo Blas Otero idazle ospetsuen olerkiak erabiliko dira poesia zaleen gozamenerako olerki eta musika-errezitaldiekin eta ikus-entzunezkoekin.
Jardunaldiak irailaren 22an hasiko dira Poesía necesaria/Beharrezko poesia izeneko saioarekin, eta bertan bi olerkari handiren bertsoak abestuko dira: Miguel Unamuno eta Antonio Machadorenak.
Biharamunean, irailaren 23an, Jose Fernandez de la Sota idazle eta kazetariak, bi aldiz Literaturako Euskadi Sariaren irabazleak, eta Manuel Vilas narratzaile eta olerkariak poesiaz hitz egingo dute, Rafael Moralesek moderaturiko Eskuz esku-koan.
Asteazkenean, hilak 24, Galatea taldeak, ikuskizun poetiko multidiziplinarretan espezializatuak, dantza, antzerkia, musika eta poesia uztartzen dituenak, Ciudad de lluvia-Eurizko hiria poesia- eta musika-errezitaldia eskainiko du.
Ostegunean, hilak 25, BBK salan En carne viva eskainiko da, Miguel Cuadradok zenbait idazleren testuak erabiliz muntaturiko ikus-entzunezko errezitaldia. Marina Perez, Eduardo Rodrigalvarez, Pablo Gonzalez de Langarika eta Javier Arnaizek jarriko dituzte ahotsak lan honetan.
VI. BBK Euskal Poesia Jardunaldiak ostiralean, irailaren 26an, amaituko dira Blas Otero bilbotar olerkariari eskainitako saioarekin. Evelyne Martin ikertzaileak eta Tachia Quintana antzezlea arduratuko dira sentimendua jartzeaz olerkiei, 1950eko urteetako poesia sozialaren ordezkari nagusietako bat izan zenaren azalpen biografiko eta olerkiekin.
Saio poetiko guztiak 20:00etan hasiko dira, eta sarrera doakoa izango da jarlekuak bete arte, baina aurrez BBK salako leihatilatik gonbidapenak jaso behar dira.