Dorantes gitarra-jotzaileak ‘Sin muros’ aurkeztuko du Bilbao Flamenko Jaialdian

uriola.eus 2014ko ira. 23a, 08:30

Urrezko kartela izango du, urriaren 1etik 11ra, Bilbao Flamenko Jaialdiak, Dorantes artista buru duela. Harekin batera, besteak beste, Manuel Moneo, Duquende, Jorge Pardo eta Montse Cortes egongo dira. Gainera, edizio honetan duela gutxi hil diren artista flamenko handi bi gogoan izango dituzte: Paco de Lucia gitarraren jeinu handia eta Juan Moneo Lara El Torta izeneko Xerezko cantaor de culto artista.

Dorantesek ‘Sin muros’ aurkeztuko du

Edizio honetako artista-zerrendaburua den Sevillako David Peña Dorantes gitarra-jotzaile eta konpositoreak urriaren 7an, asteartean, bere azken lana aurkeztuko du: ‘Sin muros’. Emanaldi honetan, `Sin muros´ lanean parte hartzen duten Flamenkoko izen handietariko batzuk lagun izango ditu. Hala, Arte honen maitaleek Jose Merce, Pedro Peña edo Pastora Galvan bailaoraren agerraldiez gozatzeko aukera izango dute.

Teknikan arduratsu, konposaketan berritzaile eta gauzapenean bikain, Dorantesek musikaren bitartez helarazteko eta komunikatzeko gaitasuna dauka. Horri esker, nazioarteko panoramaren goialdera heldu da, pianoaren zein flamenkoaren munduan zalantzabako erreferentzia bilakatuta.

Moneo sendia

Paco de Lucia eta Juan Moneo El Torta gogoan edukitzeko kontzertuak urriaren 8an hasiko dira, azken artista horri buruzko omenezko mahainguru baten bitartez. Juan Moneo cantaor delakoa, Alfredo Grimaldos kazetaria eta Alberto Martinez flamenkoaren berri-emailea egongo dira eztabaida horretan, Almudena Molinares omenduaren alargunarekin batera. Ondoren, Manuel Moneoren eskutik kontzertua egongo da, El Barullo, Barullito, Rocio eta Macarena Moneorekin batera.

Moneo sendia Xerezko Plazuela auzoko artista-leinu luze batez osatuta dago, flamenkoaren sustrai naturalak eta bere molde aberatsen zein ortodoxoenak iraunarazteaz `arduratu´ zirenak. Cantaor-dinastia handi honetan, ‘El Torta’ deitutako Juan Moneoren eta bere anaia Manuel Moneoren figurak nabarmendu behar ditugu.

El Torta omentzeko bigarren egunean, urriaren 9an, Xerezko musika-eszena onenaren artistarik garrantzitsuenak azalduko dira. Jerez Canta, Toca y Baila a El Torta izenburupean artista-talde zabal batek izango du gogoan. Hala, hurrengo hauek jardungo dute al cante: Manuel Moneo, Luis el Zambo, Fernando de la Morena, Juana la del Pipa, La Macanita eta Jesus Mendez. Al toque berriz, hurrengo hauek egongo dira: Manuel Parrilla, Diego del Morao eta Manuel Valencia. Al baile honako hauek ibiliko dira: Fernando Jimenez, Tia Curra eta Tia Yoya. Palmas (txaloak) eta Konpasa markatzen: Chicharo, Gregorio eta Rafa Junquera.

El Maestro gogoan

Lehenengo kontzertuaren aurreko mahaingurua Paco de Luciaren omenezkoa da, Voces del gusto de Paco izenburupean, urriaren 10ean, hurrengo parte-hartzaileekin: Jose Maria Velazquez-Gaztelu kazetari eta idazlea, Faustino Nuñez ikerlari eta musikologoa, Pepe Lamarca argazkilaria eta Pacoren semea, Curro Sanchez; azken horrek Paco de Lucía: La búsqueda dokumentalaren zati batzuk aurkeztuko ditu. Jarraian, Duquende helduko da. Berari buruz Paco de Luciak berak ziurtatu zuenez: "Cantearen magia, inspirazioa eta teknika dauzka". Berarekin batera, Montse Cortes flamenkoaren panoramaren barruan izen handienekoen arteko cantaora ere egongo da, eta biek, Voces del gusto de Paco errezitaldia emango dute. Duquenderekin batera, Jose Andres Cortes egongo da gitarra jotzen; eta Montse Cortesekin, berriz, Paco Heredia gitarran eta Bandolero perkusioan.

Paco de Luciaren omenezko bigarren kontzertua urriaren 11n izango da. Horrekin amaiera emango zaio Bilbao Flamenko 2014ko Jaialdiari eta bertan bere ibilbide profesionaleko bidaide izandako musikari eta adiskide ugari bilduko dira. Paco de Lucia "gogoan edukitzeko eta bere obra ospatzeko" Jorge Pardo, Carles Benavent, Pepe Habichuela, Niño Josele, Josemi Carmona, Rubem Dantas, Joaquín Grilo, Duquende, Alain Perez, Piraña, Antonio Serrano eta Diego del Morao egongo dira bertan.

Gaupasa Flamenkoak: Flamenkoaren sustraia eta etorkizuna

Jaialdia irekitzeko, Flamenkoaren zaletuek urriaren 1ean eta 3an, Trasnoches Flamencos: Raíz y futuro del Flamenco/Gaupasa Flamenkoak: Flamenkoaren sustraia eta etorkizuna, NH Villa de Bilbao hotelean, egungo flamenkoaren hiru kondaira garrantzitsurekin topaketa bi izango dituzte. Haiek guztiak Kadizetik etorri dira eta seme-alabei oinordetza eman dieten gurasoek ordezkatzen dute.

Batetik, Los Canela sendia, Alejandro Segovia Canela de San Roque eta Jose Segovia, Canela Hijo kideekin. Haiekin batera, Pedro Carrasco, Periquin, Niño Jero eta bere semea, Manuel Carrasco, Manuel Jero izenaz ezaguna. Eta bestetik, Los Rancapino sendia egongo da, Alonso Nuñez, Rancapino eta izen bereko bere semea Alonso Nuñez, Rancapino Chico. Gitarran Miguel Salado lagun izango dute.

Gainera, Bilbao Flamenko Jaialdia egin bitartean (urriaren 1etik 11ra), Pepe Lamarcaren Reencuentro argazki-erakusketa egongo da Arteria Campos Eliseos Antzokian (5. solairua, 11:00etatik aurrera). Bertan, Paco de Lucia bera izango dute gogoan.

Bilbao Flamenko Jaialdia

Bilbao 700 Fundazioak antolatuta eta Bilbao Flamenco Elkarteak ekoitzita, musikaldi honetan beste ekitaldi batzuk antolatu dituzte, besteak beste, argazki-lehiaketa bat eta eztabaidarako mahainguru pare bat. Aretoetako kontzertuetarako sarreren salneurria 15 eta 20 euro artekoa da eta 48 euroko abonu bat dago Jaialdi osorako. Hurrengo lekuetan eskuratzeko aukera egongo da: Kutxabank sarean (webgunea eta orotariko kutxazainak), 944 310 310 telefonoan, Arteria Campos Eliseos Antzokiko leihatiletan eta www.bilbaoflamenco.com webgunean.