Gaurko omenaldia, Areso alkatearen hitzetan, "askatasunaren alde borrokatu eta Euskadi eta Errepublika defendatu zuten ideologia desberdinetako gudari eta milizianoei" gorazarre egiteko ekitaldia izan da. Alkateak biktima guztiek omenaldia merezi dutela aipatu du bere hizketaldian, oraingoak zein lehengoak. "Indarkeria berriagoen biktimen omenez ere, horrelako ekitaldiok egiten ditugu, behar-beharrezko ekitaldiak zalantza barik, baina ez ditugu ahaztu behar herriaren askatasunaren alde den-dena, bizitza bera ere emateko prest egon ziren andre-gizonak".
Azkenik, Aranzadi Zientzia Alkarteko arkeologoek eta unibertsitateko BIOMIC ikerketa-taldeak eginiko lana eskertu du Aresok: "Mendietako ilobietan dauden hildakoen nortasuna argitzeko eta senideei arindu ederra emateko egin duten ahaleginagatik".
Bilboko Udaleko alderdi guztiek parte hartu dute ekitaldian, baita Bilboko Txistulari Bandak eta Udaltzaingoak ere. Udal ordezkariez gain, aurpegi ezagun ugari bertaratu da, besteak beste, Jose Luis Bilbao ahaldun nagusia, Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, Iñaki Anasagasti EAJko senataria, Juan Mari Atutxa Sabino Arana fundazioko presidentea edota Jose Mari Argoitia eta Koldo Agirre Athleticeko jokalari ohiak.
Ekitaldian aurreskua dantzatu dute, eta ondoren Memoria bizia izeneko eskulturaren aurrean lore eskaintza egin dute. Eusko gudariak abestuz amaitu dute.
Aitziber Ibaibarriaga: "Udalak ez du oroimen historikoaren legea betetzen"
"Harridura" azaldu du EH Bilduko zinegotziak gaur goizean Kasilda Iturriza parkean gudarien omenaldia egiteko aukeratu den datagatik. Ibaibarriagaren esanetan "ekitaldia ekainaren 19an egiten zen", soldadu frankistek Bilbo hartu zuten eguna, eta "gaurkoak, udal erakundearen omenaldia izan ordez, EAJren Alderdi Eguneko aurretiko ekitaldia zirudien". Areso alkateari gogorarazi dio Ibaibarriagak Bilboko Udalak "oraindik ez duela oroimen historikoaren legearen inguruan Eusko Jaurlaritzak egindako txostena betetzen" eta EAJri memoria historikoa lantzeko mahai bat eratzea eskatu dio.