Erakusketa honek Gallego & Rey bikoteak azken hilabeteetan argitaratu dituen bineten aukera bat biltzen du. Erakusketako lanak El Mundo egunkarian plazaratutakoak dira batik bat, nahiz eta Semana aldizkarian argitaratutako obra batzuk ere ikus daitezkeen. Bertan, gaurkotasun-gaiak biltzen dira, hala nola Estatuko Buruzagitzan eta Alderdi Sozialistan izandako berrikuntza eta espainiar gizarteari une honetan gehien kezkatzen dioten gaiak, horien artean nabarmentzekoak direlarik ustelkeria, ekonomia, klase politikoa eta izua, besteak beste.
Erakusketak espainiar umore grafikoaren bikote paregabe honen komiki-banden eta karikaturen sortze-prozesuari buruzko ikuspegi didaktiko zabala ematen dio bisitariari: lehenengo zirriborrotik hasita, tindatu eta egunkarian argitaratuta agertzen den arte. Horrez gain, Twitter bertsiorako elementuak nola gehitzen diren erakusten du.
Espainiako umore grafiko-politikoaren arloan firma garrantzitsuenetako bat da Gallego & Rey, hots, José María Gallego eta Julio Rey. 1981. urte hasieran Diario 16egunkarian baterako ibilbideari ekin ziotenetik, arrakasta itzela lortu dute, baita mantendu ere. Denbora horretan, lan-eskema berari eutsi diote: Julio Rey dugu gidoilaria, eta José María Gallego istorioa irudikatzeaz arduratzen da, prozesu osoan elkarren arteko elkarrizketa iraunkorra mantenduz".