20 artistaren egoteko eta jokatzeko moduak eta praktikak ‘El Contrato’ erakusketan

uriola.eus 2014ko urr. 1a, 14:35

Argazkia: Bilboko Alondegia

Bulegoa z/b taldeak Alondegian bertan egindako bi urteko egoitzaren ondorioa da ‘El Contrato’ erakusketa. Pintura, zinema, eskultura, argazkigintza, poesia, audioa, antzerkia edo dantza arloetan diharduten hogei bat artistaren lanak biltzen ditu erakusketak.

2013ko apirilean, arte eta jakintzarako Bulegoa z/b ekimenak ‘El Contrato’ jarri zuen abian, Alondegiarekin elkarlanean. Proiektuak bi aldi izan ditu: batetik, irakurketa-talde egonkorra, 2013ko apiriletik 2014ko otsailera arte hamabostean behin bildu dena; eta, bestetik, gaur Alondegian zabalduko den erakusketa.

‘El Contrato’-k berrikusten dituen lau arlo nagusiek –soziologiak, komisariotzak, kritikak eta koreografiak– agerian uzten dituzte arte eta jakintzarako Bulegoa z/b ekimenaren proiektu orokorreko praktikak.

Abiaburu gisa, Bulegoa z/b ekimenak sakon ikertu nahi izan du "modernitatetik gaurdaino oro har onartutako akordioek nola baldintzatzen duten humanitateetan sartutako praktiken bilakaera, hala nola, artearenak, historiarenak edo teoria sozialarenak. Kontua da ea finkatuta dauden kontratu horiek berriz negoziatu ahal diren, maiz adostasunak berez dakarren axolagabetasunean erori gabe; ea era kritikoan aztertu ahal den ituna egiteko beharra, bi aldeen arteko nahitaezko akordiorik egin beharrik gabe".

Irakurketa-taldean era askotako dokumentuak landu dituzte: saiakerak, testu historikoak, epaile-aktak, hitzaldiak, poemak, prosa, filmen kritikak, albisteak, elkarrizketak, filmak edota audio-erregistroak. Saioetan, ozen irakurri dituzte, eztabaida egin dute, eta taldeko idazketako ariketak ere egin dituzte.

‘El Contrato’ erakusketak hamabi atal ditu, egin dituzten irakurketa-saioak ere hamabi izan baitira. Taldean izandako eztabaiden emaitza dira saioak: kontratu soziala eszenaratzea, gorputzen arteko kontratua, ekoizteko moldeei buruzko kontratua, kontratua gailu gisa, kontratua desmuntatzea, teoria eta praktikaren arteko kontratua, kontratua desklasifikatzea, idatzizko eta ahozko kontratua, kontratu pedagogikoa, kontratuaren performatibitatea, artxiboa kontratu gisa eta kontratua pentsatzearekin.

Jarduerak

Proiektua garatu bitartean, hogei bat artistaren lana biltzeaz gain, hainbat jarduera izango dira erakusketa aretoan, adibidez, hitzaldiak, performanceak, zinema-programa eta irakurketa-talde berria. Erakusketak harremanetan jarriko ditu artearen baliabide desberdinak –pintura, zinema, eskultura, argazkigintza, poesia, audioa, antzerkia edota dantza– "erakusketa eta eszenaren espazioan onartutako protokoloekin, zalantzan jartzeko edo berresteko".

Partaideak
Gonbidatutako artistak: Eulalia Abaitua, Lawrence Abu Hamdan, Agency, Elena Aitzkoa, Malús Arbide, BADco, Ricardo Basbaum, Josu Bilbao, Kajsa Dahlberg, Jon Mikel Euba, Luca Frei, EL CONTRATO irakurketa taldea, Arne Hendriks, Joost Janmaat eta Jasper van den Berg (Academy of Work), Iñaki Imaz, Jeleton, Teresa Lanceta, Karl Larsson, Arantxa Martínez, Asier Mendizabal, Adriana Monti, Rabih Mroué, Carme Nogueira, Anxela Caramés eta Uqui Permui (Contenedor de feminismos), Itziar Okariz, Catarina Simão, Daniel Steegmann Mangrané, Gertrude Stein, Teatro Ojo, Wendelien van Oldenborgh.

 

EL CONTRATO ERAKUSKETA

2014ko urriak 2 - 2015eko urtarrilak 11