Bizkaiko Txapelketak hiru fase edukiko ditu: bost kanporaketa, hiru finalaurreko, eta finala.
Guztira 37 bertsolarik parte hartuko dute Txapelketan. 30 abiatuko dira kanporaketetako bost saioetan, eta 2012ko zazpi finalista batuko zaizkie finalaurrekoetan.
Udaberrian hasi ziren Bizkaiko Txapelketan parte hartzeko sailkapen faseak, eskualdetako txapelketak. Eskualde bakoitzeko txapeldunak zuzenean sailkatu dira udazkeneko txapelketara, eta gainontzekoak, puntuazioaren arabera sailkatu dira. Noizbait finalista izandakoak orain hasiko den kanporaketa fasean hasiko dira txapelketa jokatzen, eta 2012an finalista izan zirenak, finalaurrekoetan.
Josi
2014ko Bizkaiko Txapelketaren leloa “Josi” izango da; irudia, txatalez edo adabakiz osatutako oihal handia. Bizkaiko Txapelketako mezua Zihara Enbeita Gardokik idatzi du, Bizkaiko Bertsozale Elkartean urte luzez beharrean aritu denak.
Bizkaiko Bertsozale Elkartea Bizkaiko bertsogintzaren ekosistema osoa josten ari da etengabean. Geografikoki, Bizkaia osoan ari da zabaltzen, herriz herri, eskualdeak josten ari da Elkartea. Elkarteko sail desberdinak barrutik eta elkarregaz josten ere ari da: trasmisioa, sustapena eta ikerkuntza atalez atal josten. Eta zelan ez, Txapelketako kide guztiak. "Bakoitza gure izaera eta nortasunagaz oihal txatal bat gara, eta txapelketak denok elkartzen gaitu oihal handi batean: bertsozaleak, bertsolariak, antolatzaileak, epaileak, gai-jartzaileak, boluntarioak... denok osatzen dugu adabaki-joski erraldoia. Horrela, puntuz-puntu ari gara hariagaz oihalak josten. Bertsotan moduan, puntuz puntu bertsoa osatu arte, bertsolariz eta bertsozalez josiko dugu Bizkaia".
Sarrerak
Txapelketako saioetarako sarrerak erosteko bide desberdinak daude:
Alde batetik, www.bertsosarrerak.eu webgunean eskura daitezke. Hasieratik egongo dira kanporaketetako eta finaleko sarrerak salgai, eta asteek aurrera egin ahala jarriko dira finalaurrekoetakoak.
Aurten saio guztietarako bonoa (finala ez dago barne) erosteko aukera egongo da. Bonoa www.bertsosarrerak.eu helbidean bakarrik eros daiteke.
Beste alde batetik, saioko egunean bertan txarteldegian erosi ahal izango dira sarrerak. Txarteldegiak saioa hasi baino ordu bete lehenago zabalduko dira.
Informaziorako bideak
Txapelketari buruzko informazioa hainbat bidetatik eskura daiteke.
- Webgunea: www.bertsozale.eus/bizkaikotxapelketa
- Sare sozialak: Facebooken Bizkaiko Bertsozale Elkartearen orrialdean eta Twitteren Bizkaiko Bertsozale Elkartea (@bbertsozale) #josi
- Aplikazioa: aurten Txapelketak beste berrikuntza bat ere edukiko du: mugikorretarako aplikazioa. Dijitalidadea enpresak garatu du aplikazioa, eta bertsozaleek esku-eskura edukiko dute Txapelketarako behar duten informazio guztia. APP Store-tik deskargatu behar da.
Helburuak
Hainbat helburugaz jaio da 2014ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa.
Alde batetik, bertsogintzaren oinarrria finkatu eta garatzea da helburua: bertsolariei bertsokeran garatzeko aukera emanez, bertsozaleak erakarriz eta berriak sortuz, eta talde teknikoak hobetu eta sendotuz.
Beste alde batetik, eskualdez eskualde egiten den lana indartu eta azaleratzea da Txapelketaren helburua.
Txapelketagaz, komunitate euskaldunari eta euskal kulturgintzari ekarpena egin nahi zaio: euskarazko sorkuntza kalitatezkoa eta eredugarria.
Erdal komunitateetatik datozenei bertsolaritza ezagutaraztea ere beste lan bat izango du txapelketak.
Helburu berri bat Txapelketa jendarte anitzaren isla izateko ahalegina egitea da: genero, maila sozioekonomiko, adin, ideologia eta jatorri denak islatuta egongo diren Txapelketa antolatzeko ahalegina egingo du Elkarteak.
Eta azkenik, Bertsozale Elkartearen lana jendarteratzea edukiko du helburu Txapelketa