Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña bertsolaritza eta umorearen arteko harremanez mintzatuko dira

uriola.eus 2014ko urr. 3a, 09:44

Bertsolaritza eta Umorea saioa aurkeztuko dute bi bertsolariek Bilboko Barrea jaialdiaren baitan. Umoreak bertsolaritzan duen garrantzia eta zer funtzio sozial betetzen duen aztertzen ahaleginduko dira.

Gaur arratsaldeko 19:00etan Bilboko Barrea jaialdiaren V. edizioak Bertsolaritza eta Umorea saioa aurkeztuko du BBK Aretoan Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña bertso txapeldunak protagonista dituelarik. Umoreak bertsolaritzan duen garrantzia, erabilpena, bere osagaiak eta zer funtzio sozial betetzen duen aztertzen ahaleginduko dira, zenbait pasarte, bertso eta gairen laguntzaz.

Evoluzion eta Coabeaga y San José, dos apellidos vascos

20:00etatik aurrera, Goyo Jimenezen txanda izango da, Campos Eliseos antzokian taularatuko duen Evoluzion izenburuko ikuskizunaz. Gizakiak eboluzioa ala inboluzioa egin ote duen abiapuntutzat hartuta, publikoak zalantzak argitzen ahalegindu beharko du Goyoren teoria komikoei jarraiki. Hauxe da Bilboko Barrea jaialdiaren programaren barruan eskainiko den ordainpeko ikuskizun bakarra, eta sarrerak 15 eta 23 euro tarteko prezioetan jarri dira salgai.

Programazioa amaitzeko, oso hitzordu berezia prestatu da BBK Aretoan 20:30etatik aurrera, pantaila handiko azken denboraldiko blockbusterra gogoratzen duen Coabeaga y San José, dos apellidos vascos izenburupean, bi gidoilariek jendaurreko solasaldia egingo dute.