Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok eta Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik bilera amaituta adierazpenak egin dituzte medioentzat. Bilbaok Madrilgo Gobernuak gai honetan duen jarrera salatu du eta ildo horretan azpimarratu du Madrilgo Gobernuak ez diela inondik inora ere erantzun Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak egindako gomendioei, ez eta Adituen Batzordeak egindakoei ere eta “gure ustez, oso larria da kontuan hartuta eskaera hau hiru ebaluazioetan egin dela kontuan hartuta”.
Estatu espainiarreko administrazioarekin jarraituz, Bilbaok Estatuko agintarien txostenaz zera esan du: “Esaldi batera ekar dezakegu Espainiako agintarien txostena: Ez da egia esaten”. Esan bezala, herritarren bizipenen bitartez egiaztatu ahal izan da hori eta hainbat adibide dagoela esan du Kontseiluko ordezkariak, adituei aurkeztutako txostenean jaso direnak. Bi adibide aipatzearren, “Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean dena ele bietan dagoela jartzen dute. Inpreso, eredu eta formulario guztiak itzulita daudela esaten duten bitartean, gure kexek erakusten dute ez dela horrela”. Eta egiaztatzea oso erraza den beste kasu bat ere aipa daiteke. “Espainiako Gobernuaren arabera AENA erakundearen webgunea hizkuntza koofizial guztietan dago, bada gaur gaurkoz, gaztelaniaz eta ingelesez soilik ikus daiteke”.
“Espainiako Estatuak, Europako Ministroen Batzordeak justizian egindako gomendioei ere ez die erantzuten; txostenean ez da agertzen epaitegietan euskaldunon eskubideak bermatuko dituzten neurririk, eta gogoratu nahiko genuke eremu honetan babes eraginkorrerako eskubidea, justizia-eskubidea eta defentsa-eskubidea ere jokoan daudela. Alde horretatik, uste dugu bai Batzorde honek, bai eta Ministroen Batzordeak ere kezka agertu duela eta oso gomendio zorrotzak egin dizkiola Gobernuari 9. artikulua behar bezala betetzeko. Horrexegatik, hain zuzen ere, ez zaigu onargarria egiten zein arinki erantzun duen Gobernuak txostenean”, esan du Bilbaok.
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Behatokiko zuzendariak, hezkuntza alorrean dagoen arazoa benetan potoloa dela aipatu du eta gizarteko beste esparru batzuetan duen eragina nabarmendu duela gaineratu du. “Derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan ikasleek eleanizdunak izan behar dute eta hori bermatzeko ez da erabaki irmorik hartu EAEn. Bestetik, ikasketa mailan gora egin ahala, euskaraz ikasteko aukerak nabarmen murrizten dira”. Helduen euskalduntze alfabetatzearen inguruan ere hitz egin du Petriatik, “nekez ulertzen da berezkoa eta ofiziala den hizkuntza bat ikasteko edo hobetzeko matrikula bat ordaindu beharra”, gaineratu du.
Herri administrazio eta zerbitzu publikoen alorrari dagokionez, Petriatik gaitzetsi du korpus juridikoaren garapena arlo askotara atzerapenarekin iritsi izana, izan ere, horrek eragin zuzena izan du administrazio zerbitzuen euskalduntzean. Ildo horretan, kontratazio politikek ez dutela asko lagundu ere esan du. “Ez dauka inongo logikarik langile erdaldunak kontratatu eta ondoren denbora eta dirua xahutzeak langile horiek euskalduntzen”. Honekin bat, gogorarazi du “2012an, III. ebaluazio-aldian, Europako Ministroen Kontseiluak berak ohartarazi zuen ez dela urrats nabarmenik eman eta hutsuneak daudela alor horietan”.
Adituen Batzordeak kezka agertu zuen Ertzaintzaren inguruan eta honen harira, Behatokiko kideak bi gai aipatu ditu; batetik, “Ertzaintza sortu zenetik 30 urte pasa badira ere, oraindik ez da normalizazio plangintzarik garatu” eta bestetik, “harremanak euskaraz ez bermatzeaz gain, agenteen tratu zakarra eta nagusikeria ere salatu dute herritarrek”.
Aurreko ebaluazioetan beltzune izan da osasun-zerbitzuen alorra, baina 2012an eremu honetan behar bezalako aldaketak egiteko dei zuzena eta berezitua egin zioten administrazioari. Ildo honetan dagoen egoeraren berri eman du Petriatik; “herritarrek euskaraz jasotzen duten arreta ez da asko hobetu eta neurri eraginkorrak hartu ezean nekez bete ahal izango dute EAEko agintariek konpromisoa eta nekez bermatuko dituzte herritarrek aitortuak dituzten hizkuntza-eskubideak”.
“Azkenik, esan behar dugu harrigarri egiten zaigula oso, kontsumitzaile eta erabiltzaileen dekretutik zehapenak kentzen dituen araua hizkuntzaren aldeko lege gisa aipatzea; izan ere zehapenak kendu izanak ez baitu kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak bermatzeko urratsik ematen. Aitzitik, euskaldunon oinarrizko eskubideen urraketa sistematizatuko duen atzerapausoa dela gure iritziz, neurririk aurreikusten ez duen lege orok ez duelako inolako baliorik”, esan du Behatokiko zuzendariak.
Espainiako Estatuak Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna berretsi zuenean, estatuak errefusatu egin zuen Euroitunaren III. Atala Nafarroa osora aplikatzea. Euskara ofiziala den eremuetan besterik ez zuen aplikatu. Aurreko zikloetan Estatuak, behin eta berriz esan zuen euskara ofiziala ez zen guneetan II. Zatia aplikatuko zitzaiola. Are gehiago, Adituen Batzordeak begi onez ikusi zuen modu horretara nolabaiteko babesa esleitzen zitzaiola euskarari.
“Hori horrela izanik ere, Espainiako Estatuak aurkeztutako txostenean, II. Atalaren balorazioa egiten denean ez zaio inolako aipurik egiten Nafarroari. Ondorioz, Euroituna berretsi zenetik itunaren monitorizazioan atzerapausoak izan direla esan behar dugu. Larria deritzogu, bestalde, Nafarroako Gobernuak hartutako hainbat erabaki eta neurri ezkutatu dizkiola Europako Kontseiluari”, adierazi du Petriatik.
Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza euskaraz bermatzeko konpromisoetatik ez da bakar bat ere betetzen. Lehenari dagokionez, adibidez, Iruñeko Udalak 1087 eskaintzen ditu 14 haur eskolatan banatuta; horietatik 160 plaza dira soilik euskaraz eta guztiak Txantrea auzoan. Nafarroako Arartekoak berak ebazpena eman zuen 2013ko maiatzaren 31n gain honen inguruan arazoa konponbidean jar zedin eskatuz. Iruñeko Udalak, ordea, ez dio jaramonik egin Arartekoaren gomendioari.
Gutxiengoen edo Eskualdeetako Hizkuntzen Gutunaren aplikazioaz 2012ko urrian Europako Kontseiluko Ministroen Kontseiluak egindako txostenak dioenez, “Nafarroako agintariek EITBren emankizuna bermatu behar dute, ez soilik euskal autoritateen interesa delako, baizik eta bere betebeharra delako; horrek esan nahi du emankizun kostuak bere gain hartu behar dituela”.
Argi eta garbi azaldu zuen Batzordeak konpromiso hau ez dela betetzen eta, beharrezkoa izanez gero EAErekin lankidetzan, euskarazko telebista bultzatzeko eskatu zion Nafarroako Administrazioari. Bada, Nafarroako Gobernuak ez du orain arte inolako urratsik eman, ezta borondaterik azaldu ere. Are gehiago, gomendioak aurrera egin baino atzerakada nozitu du, 2009an Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak Nafarroan ETBko kanalak hartzeko izenpetu zuten Lankidetza Protokoloa hautsi egin baitzuen 2013an Nafarroako Gobernuak.
Euskalerria irratiari jarduteko lizentziarik ez ematea “berrikusi” behar zuela esaten zion 2012an Europako Kontseiluko Ministroen Kontseiluak Nafarroako Gobernuari. Estatuaren IV. ebaluazio txostenean gomendio hau bertan behera uzteko erregutzen dio, inongo lotsarik gabe, Nafarroako Gobernuak Europako Kontseiluari “Nafarroako araudiarekin, zein estatukoarekin eta Europakoarekin bat ez datorrelako”. Nafarroako Gobernuak ez du luze jotzen ari den auzia konpondu nahi. Gobernua modu arbitrario, sektario eta ilegalean jokatzen ari da Petriatiren esanetan.
Azpimarratu nahi dugu azken urteetako diru-laguntzen beherakada nabarmen eta etengabeak, lehendik ere larria zen egoera areagotu egin dela azken hiru urtetan bai hezkuntzaren alorrean zein hedabideenetan ere. Argi geratzen da hemen krisiaren aitzakia baliatu duela neurriz kanpoko murrizketak egiteko. Eta, akaso, larrietan da Nafarroako Gobernuak hartutako erabaki eta neurri hauek ezkutatu egin dizkiola Europako Kontseiluari.
Eskualdeko edo eremu urriko hizkuntzen erabilera baimendu edo/eta sustatzeko konpromisoari dagokionez, herritarrek Behatokira helarazi dituzten kexetatik ondorioztatu daitekeenez, eremu euskalduneko herritarrek jakinarazpenak euskaraz jasotzeko duten eskubidea urratu egiten da oraindik ere.
Nafarroako agintariek laugarren ebaluazio aldirako egiten duten txostenean kanpo eta barne seinaletika elebiduna dela aipatzen da Euskara Zerbitzua duten ia udal guztietan eta haien eskumenekoak diren kale-izendegiak eta bide seinaleak ere elebidunak direla baieztatzen da. Ez da Iruñeko Udalaren kasua.
“Aurreko txostenean adierazitakoa berretsi beharrean gaude; alegia, Nafarroako Gobernua, hizkuntza-errealitate bat ezkutatzen tematzen dela, eta euskara ikusezin bihurtzeko politika darabilela”, esan du Behatokiko zuzendariak.
Autoritate administratiboei eta zerbitzu publikoei dagokionez, administrazioarekiko harremanetan euskararen erabilera errazteko langile euskaldunen kopurua emendatzea eta dokumentu arruntak osoki euskaratzea proposatu zion Ministroen Kontseiluak 2012an Nafarroako Gobernuari. “Funtzionarioak eta bestelako agente publikoak kopuru nahian erreklutatzeari buruz esan behar dugu Nafarroako agintarien kontratazio politiketan euskarak ez duela inolako aintzatespenik, ez jakin beharreko hizkuntza bezala, ez merezimendu gisa kontuan hartzeko ere”.
Era berean, Nafarroako Arartekoak, Nafarroako Gobernuari eskatu zion ez ditzala atzerriko hizkuntzak euskara baino gehiago baloratu Administrazioko lanpostuak hornitzeko deialdietan. “Gauzak horrela lanpostuen deialdi publikoetan euskararen ezagutza alboratu dute eta atzerriko hizkuntzei gero eta toki gehiago egin diete publizitate instituzionalean nahiz lanpostuak hornitzeko deialdietan”.
“Ukaezina da Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak babestu eta sustatzeko ekintza seguru baten beharraren gainean hartutako konpromisoa ez dela inolaz ere betetzen Nafarroako agintarien aldetik; aitzitik, euskararen garapenerako egitasmoen bideragarritasuna kolokan jartzeko neurriak dira Nafarroako agintariek azken urte hauetan hartu dituztenak”, adierazi du amaitzeko Petriatik.