Balkanetako gerra gogora dakarren ‘Circles’ film saritua Zinexiten ikusgai

uriola.eus 2014ko urr. 14a, 09:30

Indarkeria gainditzeko moduez gogoeta egiteko gonbita egitea xede du gaur abiaraziko den Zinexit zinema zikloak. Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak antolatua, gaur Alondegian Balkanetako gerra gogora ekarri eta Sundance Jaialdiko Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuena Circles filma ikusteko parada izango da.

Ostegunera arteko ikusgai izango dira Donostia Zinemaldian estreinatutakoa Lasa eta Zabala; Balkanetako gerra gogora ekarri eta Sundance Jaialdiko Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuena Circles eta Light fly, fly high, emakumearen Indiako kasta-sistemako egoera salatzen duen filma, 2013an Amsterdameko IDFA jaialdiko Oxfam Saria irabazi zuena.

Circles filmak Balkanetako gerratik sendatu gabe geratu diren zauriak ezagutaraziko dizkio publikoari. Iazko Sundance Jaialdian Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen film honek Srdjan Aleksic soldadu serbiarraren istorioa du oinarri, bere lagunek zibil bosniar bat hiltzea eragotzi baitzuen. Keinua bizitzaren prezioan ordaindu zuen.Hamabost urte geroago, 2008an, Serbia, Alemania, Frantzia, Kroazia eta Esloveniaren arteko koprodukzio honek Aleksic-en oroimena berreskuratu zuen, senide eta lagunen ahotik, eta serbiarrak salbatu zuen gizonaren ahotik. Srdan Golubovic zuzendariaren hitzetan, “horrelako egitada heroiko eta errukitsu batek ekintza onak eragin eta pertsona hobeak bihurtzen ote gaituen” gogoeta egitea da film honen helburu nagusia.
 
Estreineko aldiz, zikloak haurrei zuzendutako saio bat programatu du. Honela, 6 eta 10 urte tarteko neska-mutilek, Tormeseko itsumutila pikareskako klasikoaren marrazki bizidunetako bertsioaz gozatu ahalko dute, haurren eskubideen esparrua lantzeko aukera izango dutelarik.
 
Aurtengoan ere, zikloak Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Saileko Bosa! aniztasunaren aldeko eta diskriminazioaren aurkako programak aukeratutako sei film labur eskainiko ditu.

Zinexit, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzaren menpeko Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiko Biktima eta Giza eskubideen aldeko Zuzendaritzak antolatutako Zinema erakusketa da. Lehendabiziko edizioa Bilbon ospatu zen 2010ean.

Ekimen honek bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatu nahi du, duintasunean eta oinarrizko giza eskubideen errespetuan oinarrituta, eztabaidarako eta ideiak aurrez-aurre jartzeko hiritarren espazio sozialak sustatu nahi ditu, elkarren arteko errespetua, oinarrizko printzipioak eta baloreak izanik.
 
Film guztien proiekzioen ondoren, iritziak eta iruzkinak partekatzeko solasaldi bat egingo da.
 

Emanaldiak:

 
Asteartea, urriak 14 (‘Circles’)
- Patricia Barcena, Cear Euskadiko zuzendaria
- Redzija Subasic, Euskadin bizi den errefuxiatu bosniarra
 
Asteazkena, urriak 15 (‘Light fly, fly high’)
- Ainhoa Zugasti, Amnesty Internationaleko ekintzailea, Zuzenbidean lizentziatua eta Ekintza Humanitarioko Masterra duena
 
Osteguna, urriak 16 (‘Lasa eta Zabala’)
- Pablo Malo, filmaren zuzendaria
- Unax Ugalde, antzezlea