Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritza aste honetan Alondegiko Golem zinemetan egiten ari den Zinexit erakusketak Indiako gizarte-kasta apalenetako emakumeei buruzko hurbilketa bitxia eskainiko du gaur; Amsterdameko Zinema Dokumentalaren Jaialdiaren azken edizioan Oxfam Saria irabazi zuen Light fly, fly high filmari esker. Saioa 19:30ean hasiko da Golem Zinemetako lehenego Aretoan. Sarrera librea izango da aforoa bete arte.
Susan Ostergaard eta Beathe Hofseth zinegile norvegiarrek Indiara egindako bidaia batean ezagutu zuten Thulasi izeneko gaztetxo 'ukiezina', hau da, Indiako kastarik apalenean jaiotakoa. Honen ondorioz, Thulasi miseria gorrian eta pobrea eta emakumea izateak dakarren diskriminazio bikoitzaren pean bizitzera kondenatuta zegoen. Baina Ostergaard eta Hofsethen harridurarako, gazteak aparteko plana asmatu du halabeharra aldatzeko: boxeoan jardutea.
Ondorengo lau urteetan, zinegileek hainbat aldiz bisitatu zuten Asia aldeko herrialde erraldoia, Thulasi eliteko kirolari bihurtu eta Gobernuak atleta onenen artean banatzen dituen beketako bat eskuratzeko egiten ari den egunez eguneko ahaleginaren jarraipena egiteko asmoz. Mugimendu feministan harrera paregabea lortzen ari den Light fly, fly high filmak 80 minututan laburbildu du nerabeak helduarora egindako bat-bateko bidaia hori, “borrokarik latzenak ringetik kanpo” daudela egiaztatzeko.
Filmaren ondoren, Ainhoa Zugasti, Amnesty Internationaleko ekintzailea, Zuzenbidean lizentziatua eta Ekintza Humanitarioko Masterra duena, jendeari irekitako solasaldi batean azalduko da.
Ziklo honetako programazioa bihar, ostegunez, amaituko da, hilak 16, Unax Ugalde protagonista duen Lasa eta Zabala, Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren desagerpenaren ikerketari buruzko filmaren proiekzioaz, areto komertzialetan estreinatu baino egun bat lehenago.
Zinexiti buruz
Zinexit, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzaren menpeko Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiko Biktima eta Giza eskubideen aldeko Zuzendaritzak antolatutako Zinema erakusketaren 5. edizioa da. Lehendabiziko edizioa Bilbon ospatu zen 2010ean, Bizikidetza Demokratikoa eta indarkeriaren deslegitimizazio Planaren barruan (2010/2011). Ekimen honek, bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatu nahi du, duintasunean eta oinarrizko giza eskubideen errespetuan oinarrituta, eztabaidarako eta ideiak aurrez-aurre jartzeko hiritarren espazio sozialak sustatu nahi ditu, elkarren arteko errespetua, oinarrizko printzipioak eta baloreak izanik.