Urriaren 12an, Bilboko Campos Antzokia gainezka zela, Jose Luis Etxebarria Txelu-k omenaldi beroa eta hunkigarria jaso zuen. Galdakaoko Andra Mari dantzari taldeak eta Begoñako Garaizarko Matsorriak eta Begoñako Sustraiak abesbatzek bizi guztian zehar egindako lana, eta bere esku-zabaltasuna eskertu eta omendu zituzten.
Txelurekin kantuz eta dantzaz izeneko ikuskaria omenduaren argazkiz eta irudiz osaturiko bideo batekin eta Arkaitz Estiballesen lau bertsokin hasi zen. Ondoren eta ordu terdi luzez, Andra Mari dantzari taldeko bere ikasleek eta berak sortu eta zuzendu zituen Begoñako Sustraiak eta Garaizarko Matsorriak abesbatzakoek erromeria bat antzeztu zuten, abestiak eta dantzak tartekatuz.
Txelu zeharo hunkituta ikusi genuen emanaldiaren zehar. Berdin Maite Nieva bere emaztea, semea eta bilobak alboan zituela, lagunez inguratutik, musikaz eta dantzaz gozatzeko uneak bizi izan zituen.
Jendartean eta herrialdeko beste ordezkariekin batera, Ibon Areso eta Ibon Uribe, Bilbo eta Galdakaoko alkateek ikusi genituen, Ibone Bengoetxea eta Amaia Betolaza alkateordekin batera.
Amaieran, oparien unea heldu zen. Kepa Artetxek, Andra Mari taldeko dantzari beteranoak, Galdakaoko parrokiaren atarian dagoen dantzariaren erreprodukzioa eskaini zion Txeluri. Miren Zubietak, Garaizarko Matsorriak abesbatzaren zuzendariak, euskal makila bat oparitu zion eta Rosa Mari Losadak, Begoñako Sustraiakeko presidenteak, lore sorta bat Maite emazteari.
Txelu gero eta hunkituago zegoen. Hala ere, korukideekin, dantzariekin eta bertan zeuden ikusleekin batera, gogotsu abestu zuen festari amaiera emango zion Txanton Piperri operaren Euskal Herriko kanta.
Maila artistikoan, goi mailako ikuskizun batez gozatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek. Bukaeran eta txalo zaparradaz agurtu zituzten Txelu eta bere familia, dantzariak eta abeslariak.