Bilboko Zabalguneko Merkatuan puntako artisten erakusketea egongo da eta bi musika-taldek Azkenan eta Kafe Antzokian joko dabe; hau guztia BIME, azoka musikal eta digitalaren barruan. Creative Saskatchewan enpresa aurrendaria da industria kulturalen garapenaren inguruan, izen bereko eskualdean, Kanadan. Iparramerikako komunidade honen mobimentu kulturala ezagutzera emotearren, Creative Saskatchewan enpreseak antolatutako ekitaldiak urriaren 29a eta zemendiaren 2a bitartean izango dira.
Creative Saskatchewan igaz sortu zan. Kanadako mendebaldean dabilzan industria kulturalen elkartea da, Kanadako belardiak izenez ezagutzen dan lurraldean, eta hainbat arlo batzen ditu: artea, literaturea, antzerkia eta artisautzea. Eskualdean miloe bat lagun bizi da. Landubako eremu zabal honetan, jarduera artistiko aberatsa da nagusi.
Hau guztia Bilboko Zabalgune Merkatuan egongo dan arte garaikideari buruzko erakusketan islatuko da, urriaren 29tik zemendiaren 2ra. Erakusketan pinturea, eskulturea, argazkiak, zeramikea eta zurez, egurrez eta bestelako materialez egindako berrogeita hamar lan inguru aurkeztuko dira. Eskualdeko 27 artisten sormenak dira, eta Espainiako Estaduan orain arte ez da holakorik egon. Oraintxe lanok Londreseko Blackall Studiesen dagoz eta, Bilbon egon ostean, New Yorkera joango dira.
Erakusketaren izena Saskatchewan da, eta munduan zehar entzutetsua dan Adrian Stimson artisteak zuzentzen dau. Blackfoot Visual Arts Award saria emon eutsien 2009an, Queen Elizabeth II Golden Jubilee dominea 2003an, eta Alberta Centennial dominea 2005ean, giza eskubideen zein aniztasunaren alde egindako lanagaitik. Erakusketea Kanadako belardien historiaren, indarraren eta komunidade artistikoaren aniztasunaren ganeko ondarea da. Saskatchewaneko herritarren bizitza basatia, trebetasunak eta edertasuna azpimarratzen ditu.
Musika ikuskizunak
Arteari buruzko erakusketaz gan, Creative Saskatchewanek Kanadako eskualde honetako bi musika-talde aurkeztuko ditu: Slow Down Molasses eta We Were Lovers. BIMEren showcase egitarauaren barruan joko dabe, Kafe Antzokian (urriaren 30ean) eta Azkena aretoan (urriaren 31n).
Hau guztia osotzeko, VIP ondo etorria egongo da BIMEko networking areto nagusian, urriaren 30ean, eguenean, arratsaldeko 18:00etan. Jon Allen, Kanadako enbaxadorea Espainian, izango da anfitrioia. Gainera, Saskatchewaneko sormenaren industriaren hainbat ordezkarik parte hartuko dabe berbaldietan eta jardueretan. Creative Saskeko zuzendari JP Ellsonek mahai-inguru batean parte hartuko dau, nazinoarteko industriako beste aditu batzuekaz batera.
Egutegia:
Urriaren 28a - 11:00etan, Saskatchewan erakusketearen aurkezpena prentsa aurrean. Ensantxe Merkatua (Zabalgune plaza, 11 -Bilbo). ‘Saskatchewan’ erakusketearen hasierea (18:00).
Urriaren 30a – Creative Saskren VIP harrera eta inaugurazino jaia - BEC (18:15).
Urriaren 30a - Slow Down Molasses taldearen kontzertua, Kafe Antzokian (21:20).
Urriaren 31 - We Were Lovers taldearen kontzertua, Azkena aretoan (21:55).
Zemendiaren 2a – Arte erakusketearen itxierea.
Zer da BIME?
- BIME ikuspuntu bardinbako eta espezializatu bi dituan Europako kongresu bakarra da. Lehenengoa, musika eta bideojokoak, teknologia barriak eta sinkronizazinoa; bigarrena, azaleratzen dagoan sinkronizazinoaren merkatua, markak eta jaialdiak Latinoamerikan eta hego Amerikan.
- BIMEk 15 musika-erosle baino gehiago ekarriko ditu, Hego Amerikako zein Latinoamerikako jaialdi garrantzitsuenetarikoak, esaterako: Mexikoko Corona Capital, Estereo Picnic, Rock Al Parque eta Kolonbiako Circulart, Txileko Lollapalooza.
- BIME dagoan aukerarik zuzenena eta merkeena da Hego Amerikan zein Latinoamerikan harremanak ezartzeko.
- BIME da zure sareak eta negozioak zabaltzeko aukerarik onena, musikari, bideojokoei, sinkroei eta teknologia barriei jagokenez, Europa osotik Hego Amerikatik eta latinoamerikatik.
- Espainiako Jaialdien lehenengo kongresuko anfitrioia BIME izango da. Jaialdietako barruko merkatuko 50 erosle baino gehiago egongo dira.