Eleberri grafikoaren inguruan egindako proiektu hau erakusketa batekin eta jarduera paraleloen egitarau batekin osatzen da. Proiektuak 1965eko New Yorkeko Erakusketa Unibertsalean Iruñeako erraldoien eduki zuten presentzia du abiapuntu bezala. ‘Black is Beltza’-k musika, maitasuna eta iraultza nahasten dituen akzio eta espioitza istorioa eraikitzen du.
Proiektuaren parte den erakusketan istorio hau eraikitzeko erabilitako materiala eta bere irudi adierazgarrienak ikusiko dira. Proiektua ikusgai egongo den hilabeteetan, espazioak komikia, musika, zinema, literatura edo gastronomiaren inguruan jarduera desberdinak edukiko ditu.
Proiektu hau burutzearen motibazioa, egileak, prentsan, gertukoa bezain arrotza suertatu zitzaion gatazka paradoxiko bat barne hartzen duen irudi bat aurkitzen duenean sortuko da: “New Yorken, 1965ean ateratako argazki bat hain zuzen ere. Argazkian, Iruñeako erraldoien konpartsa agertzen da, San Fermin jaien ohiko irudia, New Yorkeko 5. Hiribidetik desfilatzen. Arrazagatiko istiluak zirela eta, erraldoi beltzen parte-hartzea debekatu zela aipatzen zen honen argazki-oinean. Hori irakurtzean istorioa hemen zegoela jakin nuen”.
Gertaera historiko hau abiapuntutzat hartuta, Muguruzak Manex Unanueren kontakizuna eraikiko du, gure istorioaren figura nagusia. Gazte ipar-euskalldun honen begiradatik hirurogeigarren hamarkada erdialde aztoratua markatuko zituzten gertakizunetako asko kontatuko dira: Malcom X erail ondorengo arrazagatiko liskarrak; jada mitikotzat dugun The Factorya inguratzen zuten pertsonaien eszentrikotasunak; kubatar División de Inteligencia zerbitzu sekretuen eta Estatu Batuetako Black Panthersen arteko aliantzak; garaiko musika jaialdietan psikodelia proto-hippieak eduki zuen eragina; Gerra Hotzaren garain alderdi ezberdinetako espioitzen interes jokoak; Cheren espiritua Congon, Argelian eta honen heriotza Bolivian; eta bukatzeko, gure backyarda: zaharkitutako Frankoren diktadura grisa.
Finean, Manexena, errealitatea eta fikzioa uztartzen dituenen intrigazko istorioa da; maitasunaz, erreboluzioaz eta espioitzaz hitz egiten duena. Beti ere, era grafikoan azaleratu eta garaian kokatzen gaituen soinu bandaz lagundua.
Azaroaren 13tik aurrera AlhóndigaBilbaon ikusi ahal izango den erakusketak, ikusleak Manexeren abenturarekin batera bidaia egitea gonbidatzen du protagonista orain dela 50 urte egon zen herri desberdineko tokiak ibiliz. Erakusketak, zuzenean edo zeharka, proiektuaren fase ezberdinak elikatu dituen materiala biltzen du. Egileari narrazioa estrukturatzen lagundu dioten prentsa artikuluak eta nobela ilustratuaren marrazki orijinalak. Baita garaiko egoera soziopolitiko eta kulturala islatzen duten ikus-entzunezko materiala.
Proiektua bere osotasunean definitzen lagunduko duten hainbat jarduera egongo dira, haien artean Muguruzak berak gidatutako musika hitzaldiak, artista desberdinen Master Class-ak, sukaldaritza saioak, konferentziak etab.
Proiektu honek nerabeei zuzendutako jarduera didaktikoa dauka eta eskoleentzako eta elkarteentzako bisita programa ere.