Gazte ikerlariak aktibatzea eta online irakaskuntza indartzea dira UEUren erronkak

uriola.eus 2014ko urr. 23a, 12:00

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) 2014/2015 ikasturte irekiera ekitaldia egin du Bilboko Alondegian. Bertan, INGUMA datu-base berritua aurkeztu eta komunitate zientifiko euskaldun indartsu bat izateko elkarlanerako deia egin du. Karmele Artetxe Historian doktoreak euskararen azpiegitura zientifikoa finkatzeko Euskal Unibertsitatea beharrezkoa dela azaldu du bere sarrera hitzaldian.

Iñaki Alegria UEUko zuzendariak eman dio hasiera ekitaldiari. UEUko zuzendariak euskarazko zientzia eta ikertzaileak izan ditu hizpide bere hitzaldian. “Inoiz ez da egon gaur egun baino ikertzaile eta zientzialari euskaldun gehiago. Euskarazko komunitate zientifikoa, bere argi-ilunekin, hor dago, indartsu. Gaur berrituta aurkezten dizuegun INGUMA datu-basea oraintxe esan dudanaren froga argia da. Komunitate horrek irauteko eta garatzeko bi erronka ditu: alde batetik, aditu, ikerlari eta zientzialariak formatzera zuzendutako goi-mailako euskarazko kalitatezko eskaintza, eta bestetik, aditu horiek harremanetan jartzeko guneak sortzea. Lehenengoari dagokionez, oraindik asko dago egiteko. Graduondokoak, masterrak eta berezko tituluak, salbuespen batzuekin, ez dira euskaraz eskaintzen. Behar beharrezkoa da unibertsitate, administrazio eta erakunde desberdinek elkarlana eta sinergiak biltzea. Indarrak batuz, bakoitzaren esperientzia baliatuz eta osagarritasuna bilatuz gizarte honek behar duen kalitatezko eskaintza antolatu beharko genuke. Horren adibide dugu ikasturte honetan UPV/EHUrekin lankidetzan hasi berri ditugun hiru graduondokoak: Hondakinen kudeaketa eta tratamendua, Itzulpengintza eta Teknologia eta Agroekologia. Bigarrengoari dagokionez, sakabanatuta dauden adituak elkarren berri izan dezaten lan egiten jarraituko dugu, proiektu berriak sortu, zabaldu eta aberastu ditzaten. Eta horretarako eskura jarri behar ditugu hori lortzeko guneak: presentzialak zein Internet bidezkoak. Horretan INGUMA gakoa da, komunitate euskaldun hori biltzen duen aterpea baita.

Ikasturte honetako beste erronkei dagokienez, orain aipatutako elkarguneak sortzeko bidean, UEUk ikerlari gazteekin duen konpromisoa eta itxaropena azpimarratuko nuke. Bertan daukagun potentzialtasunaz jabetuta, aupada bat ematen gabiltza, beraien ikusgaitasuna lantzeko asmoz Unibertsitatea.net atarian argitaratzen gabiltzan elkarrizketa eta iaz abian jarritako Txiotesia lehiaketarekin. Orain urrats bat haratago eman nahi dugu, eta, ikusgaitasuna areagotzeaz gain, haien arteko ezagutza sustatu eta proiektu berriak bideratzeko bideak landu nahi ditugu beraiekin batera maiatzean egingo dugun IKERGAZTE kongresuaren bidez.

Azken urteotan dugun beste erronka bat on-line irakaskuntzarena da. Pasa den ikasturtean  13 ikastaro eta 2 graduondoko eskaini ditugu modu honetan, 760 ordu guztira. Pertsonetan oinarritutako eredua garatu dugu, gure irakasleak formatzen gabiltza eta bide honetan aurrera egiteko ilusio handia dugu. On-line ikaskuntza teknologia ez da garrantzitsuena, komunikazioa baizik, eta telematikoki ikasteak ez dakar bakarrik ikastea. Bizialdi osoko ikaskuntzaren ildoan kokatzen dugu jarduera hau, baina indartu eta hedatu behar da, tartean esku artean dugun proiektu berriarekin: on-lineko gradu ofizialak eskaintzea.
Azkenik, nirekin batera mahaian dauden ordezkariei eskerrak eman nahi dizkiet, bai eta beraien etorri ezina adierazi dutenei ere (Gipuzkoako Foru Aldundia). Zuen babesak ahalbidetzen du hein handi batean gure jarduera aurrera egitea eta bereziki INGUMA bezalako proiektuak garatu ahal izatea. Izan dadila lankidetza hau aurrera begira ere hain oparoa”.



INGUMA datu-basea
Ingumak, Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-baseak, 14 urteko ibilbidea bete du. 2000. urtean sortu zen eta ordutik hona edukiz hornitzen eta hazten joan da. Goi-mailako euskarazko produkzioa eta egile euskaldunak ezagutarazteko helburua duen proiektu dokumental honek, produkzioa osotasunean biltzen du. Ahozko eta idatzizko produkzioaren datuak barneratzen joan da urtez-urte eta egun, 1960. urtetik gaur egun arteko 8.839 egile euskaldunen lanak sailkatuak ditu. Guztira, 36.400 erreferentzia. 

Datu soiletatik haratago, Ingumak edozein jakintza-arloko produkzio zientifikoa euskaraz jorratzea posible dela adierazten du. Besteak beste, adituak, ikertzaileak, eta profesional euskaldunak ditugula eta hauek egiten dutena ezagutarazteko asmoz lanean dihardugu. Datuak bildu, jaso eta modu errazean eta eraginkorrean eskaintzeko bide berriak ireki ditugu. Erabilerraztasuna eta irisgarritasuna bermatuz. Inguma egitasmoak, gure txikitasunean, Komunitate Zientifiko Euskaldun bat egon badagoela eta izan bagarela erakusten du. Txikitasun hori handiagotzeko, lanean jarraituko du UEUk, egile euskaldunen lanak jasoz. Izan ere, Inguman dagoena bada, baina bertan ez dauden lanak ere badira eta horiek biltzen jarraitu nahi du UEUk ezagutzera emateko asmoz. Gaurko ekitaldian bilaketak modu arinagoan egiteko moduan eta itxura berriarekin aurkeztu dute www.inguma.org web gunea.

 

Karmele Artetxe: "Goi mailako euskarazko produkzioa ez da salbuespenezko produkzioa"

Ekitaldia Karmele Artetxek eman duen Euskarazko produkzio eta komunikazio zientifikoaren argi-ilunak hitzaldiarekin amaitu da. Artetxeren esanetan, goi mailako euskarazko produkzioa ez da salbuespenezko produkzioa: “Produkzio normala da eta hori baieztatzeko 3 adierazle aipatuko ditut. Hasteko ekoizpen idatzia, normalizazioaren ezaugarritzat hartzen dena, euskaraz egon badago eta zehazki 1968tik Euskara Batuan ekoitzia. Halaber, dokumentazio zientifikoaren ohiko moldeetara egokitzen denez, posible da euskarazko produkzio zientifikoaren azterketa bibliometrikoak egitea. Posible ez ezik, beharrezkoa dira azterketa bibliometrikoak, euskarazko produkzioaren diagnostiko egokia egiteko eta sustapen politika zein geroko estrategiak diseinatzeko. Hau da, gainditu egin behar dira azterketa kualitatiboak, non aditzera ematen den, euskarazko produkzioa eskasa dela, eta produkzio guztia mugarriak aztertuta argitzen den. Hirugarren eta azken adierazlea da: aldizkariak euskarazko komunikazio zientifikoaren oinarri direla, beste edozein hizkuntzatan bezala”.

Produkzio normala bada ere, desberdintasunak badituela adierazi du Artetxek, hiru, zehazki esateko: “Lehena, jakintza-arloei dagokio, bigarrena egileei eta hirugarrena, azpiegiturari. Hasteko, euskaraz, Giza eta Gizarte Zientzietako gaiak nagusi dira, eta besteetan aldiz, Natur Zientziak, Zientzia Hutsak, Ingeniaritza eta Osasun Zientziak. Bestalde, egile euskaldunen arteko lankidetza oso txikia da. Hau da, beraien arteko harremanak egon badaude, baina liburu edo artikuluen prestaketa norbanakoaren lana da nagusiki. Azkenik azpiegitura aipatzea geratzen da, hau da, produkzio zientifikoa eusten duten erakunde ekoizleak. Ingelesez, frantsesez zein gaztelaniaz, erakunde ekoizle nagusiak unibertsitateak, goi mailako ikerkuntza zentroak eta ospitaleak dira. Aldiz, goi mailako euskarazko produkzioaren ekoizle nagusiak euskal kulturgintzan diharduten erakundeak dira, eta ondoren, urrunago, unibertsitateak”. Epe labur ertainera euskarazko produkzioak aurrera egin dezan, lehen baino lehen zenbait neurri hartzea komeni dela azpimarratu du Artetxek: "Hasteko, euskarazko produkzioaren ebaluazioa egiteko irizpideak garatzea eta ebaluazio-agentzietan erabiltzea. Bestalde, ezinbestekoa da Euskal Unibertsitatea. Ez dugu, baina behar dugu, besteak beste, euskararen azpiegitura zientifikoa finkatzeko. Bata eta bestearen alde lan egiten dugun bitartean, ezinbestekoa da, ikasle, irakasle, ikertzaile eta profesional euskaldunen sarea indartzen jarraitzea”.