Metroko eskaileretan sortutako sute batek Abandoko tren geltokia utzarazi du

uriola.eus 2014ko urr. 24a, 13:19

11:15 aldera gertatu da ezbeharra Renfeko Abandoko geltokian. Atrioa kez bete da eta ondorioz, bertan zeuden lagunak kalera atera eta dendak hustu egin dituzte.

Jakitera eman dutenez, metroko eskailerak konpontzen ari ziren eta oraindik ziurtatu ez badute ere, bertan gertatutako matxura baten ondorioz, kortozirkuitu posible batengatik, Renfeko atrioa ke beltzez bete da. Jarraian, geltokia zein bertako dendak utzarazi dituzte eta suhiltzaileen bi kamioi bertaratu dira.

@KepaZuloagaren argazkia

11:30etarako, gutxi gorabehera, egoera kontrolpean zegoen. Hala ere, gertatutakoa argitu bitartean sarrera nagusia itxita mantenduko dutela ohartarazi dute. Treneko erabiltzaileak Bailen kaletik sartu daitezke geltokira eta metrokoak Kale Nagusiko sarrerara bideratu dituzte.