Bilboko Txistulari Bandaren emanaldietan errepertorio tradizionalaren txanda

uriola.eus 2014ko urr. 29a, 10:03

Bilboko Udal Txistulari Bandak 2014ko udazkeneko denboraldiko bigarren kontzertua taularatuko du gaur, urriak 29. Bandako lau kideek formatu tradizionaleko emankizuna eskainiko dute, bai instrumentuei dagokienez (lehen txistua, bigarren txistua, silbotea eta atabala) zein errepertorioari erreparatuta.

Hitzordua arratsaldeko 8etan izango da Euskalduna Jauregiko A3 Aretoan. Sarrera doakoa da edukiera bete arte. Kontzertuaz gozatzeaz gain, bertaratutakoek `Plazan´ diskoa 10 euroko prezioan erosteko aukera izango dute.

Euskal Herrian euskal musikaz edota euskaldunen musikaz hitz egitean, ezinbestean hitz egin behar dugu txistuaz edo txistulariez. Gure herrietako jendeak urte askotan entzun izan duen musika bakarra elizetakoa edo bertako danbolinteroena izan da. Gure dantza gehienek eta instrumentuen errepertorio gehienek udal danbolinteroen lanari esker iraun dute eta eurei esker transmititu dira; izan ere, XVIII. mendearen azken laurdenean hasi ziren eskolatzen, musika kopiatzen eta konposizioak egiten; musika hori danbolinteroen errepertorioen bidez heldu zaigu.

Jendaurreko emanaldien kalitateagatik eta aniztasunagatik nabarmendu den Bilboko Txistulari Banda iraganera begira jarriko da kontzertu honetan, Raimundo Sarriegi, Isidro Ansorena, Pablo Sorozabal, Jesus Guridi eta beste hainbat musikariren lan klasikoen laguntzaz. Gorka Zabaletak, Idoia Kareagak, Sabin Bikandik eta Asier Garciak osatzen dute banda tradizional hau, lehen txistua, bigarren txistua, silbotea eta atabala ondoan dituztela, hurrenez hurrenez.

 

Urriaren 29ko egitaraua

`Zortzikoa´ Candido Albistur

`Alai´ Demetrio Iriarte

`Minuetoa´ Raimundo Sarriegi

`Kontrapasa´ Raimundo Sarriegi

`Baztan´ Tomas Garbizu

`Donostia´ Pablo Sorozabal

`Zahar eta berri´ Isidro Ansorena (Moldaketak: Jagoba Astiazaran)

`1.Kontrapasa´ Santos Intxausti

`Fandanguillo´ Luis Torreren errepertorioa

`El Caserío´ Jesus Guridi

`Mendiko Soñuak´ Jesus Guridi

`Idiarena´ Eduardo Gorosarri

`Fandango 1896´ P. Onraitaren errepertorioa

`Baratze´  Hilario Olazaran

`Biribilketa bilduma´ Herrikoiak 

 

Txistulari bandako partaideak

Gorka Zabaleta (1. Txistua)

Idoia Kareaga (2. Txistua)

Sabin Bikandi  (Silbotea)

Asier Garcia (Atabala) 

 

Kontzertu gehiago 

Azaroak 5, asteazkena, 20:00etan. `TXISTUA HISTORIAN ZEHAR´. BILBOKO UDAL TXISTULARI BANDA. Euskalduna Jauregiko A3 Aretoa. Sarrera doakoa  edukiera bete arte. Publikoak euskal musikaren sustraietara inguratzeko aukera izango du kontzertuaren bitartez, milaka urteko tresna horren gakoak ezagutuz.  Txistuaren historia luzean formatu aldetik eta erregistroetan izandako aldaketak ikusgai dira. Txistu bakarlari batetik abiatuz egungo txistu banda tradizionaleraino.

Azaroak 17, astelehena, 20:00etan. BILBOKO UDAL TXISTULARI BANDAREN KONTZERTUA. Euskalduna Jauregiko A3 Aretoa. Sarrera doakoa  edukiera bete arte. Txistulari bandak interpretazioaren arloan duen kalitatea frogatuko du, era askotako doinuez osatutako errepertorio zabal eta anitzaren bidez.

Abenduak 20, larunbata, 20:00etan. BILBOKO UDAL TXISTULARI BANDAREN GABONETAKO KONTZERTUA. Gonbidatua: BILBOKO  KORAL ELKARTEAREN EUSKERIA KORUA. Euskalduna Jauregiko A1 Aretoa. Sarrera doakoa  edukiera bete arte. Urko Sangroniz-en zuzendaritzapean, 1985ean sortutako Bilboko Koral Elkartearen ahozko talde horrek zubi-lana egiten du Haur Koruaren eta Helduen Koruaren artean. Denboraldi osoko kontzerturik hunkigarri eta familiarrenetakoa izango da. Urtea zapore onaz amaitu eta 2015a musikarik onena eskaintzen jarraitzeko indarberrituta hasteko modurik egokiena.