Zuzendarien Biltzar Nazionalean parte hartu du Felipe VI.ak

uriola.eus 2014ko urr. 31a, 13:00

Felipe VI.na Espainiako erregea Bilbora etorri da, Euskalduna jauregira, hain zuzen ere, III. Zuzendarien Biltzar Nazionalean parte hartzera.

Errege denetik Felipe VI.ak lehenengoz EAEra egiten duen bisita izan da gaurkoa eta Espainiako monarkiako kideen bisitetan gertatu ohi den bezala, segurtasun neurriak handiak izan dira. Herritarren protesta ere izan da.

Eguerditik "Monarkia kanpora", "Espainia gure hondamena da" eta independentziaren alde oihukatzen jardun dira Euskalduna jauregi inguruan 100 bat lagun. Besteak beste, EH Bildu eta Ezker Anitza-IUko ordezkariak. Errepublikako bandera eta ikurrina ugari astindu dituzte protestaldiak iraun bitartean.

Ertzaintzak herritarren elkarretaratzea metro batzuk atzerago bidali du. EH Bilduko Iker Casanovak salatu duenez Ertzaintza protesta "ezkutatzen" saiatu da, "finantza eliteen mesedetan". Casanovaren esanetan "estatu antidemokratiko bateko erakunde antidemokratikoa" da koroa. 

Istilu gabe bukatu da elkarretaratzea.

Barruan, aldiz, normaltasunez gauzatu da Zuzendarien Aurrerapenerako Elkarteak (APD) antolatu duen kongresuaren amaiera ekitaldia. Felipe VI.rekin batera, besteak beste, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia eta Carlos Urkijo EAEko gobernu ordezkaria ere izan dira kongresuko azken jardunaldia jarraitzen.