Eduardo Chillida, Jorge Oteiza, Antonio Saura, Miquel Barceló, Ouka Lele edo Henri Matisseren lanak Bizkaiko hainbat udalerritan ikusi ahal izango dira, BBKren Gizarte Ekintzaren doako Erakusketa Ibiltariak programari esker.
Azken 23 urteotan, BBK-k udalerriei laga izan die bere ondarearen zati bat, baita galerienak eta artistenak diren lanak, eta ekinbide sortzaile berriak ere. Ospe nabarmeneko artisten lanak udalerri horietako jendearengana hurbiltzea da erakusketa hauen helburua. Honela, aukera ematen zaio jendeari doan ikusteko museo handitan edo galeria ospetsuetan ikusgai egon diren kalitate handiko piezak, horiekin goza dezaten.
Erakusketa Ibiltariak programak 40 erakusketa baino gehiago biltzen ditu gaur egun, ehun artista baino gehiagoren marrazkiak, argazkiak eta lan grafikoa. Guztira, BBK-k bultzaturiko programa honek aukera ematen du 320 erakusketa egiteko kudeaketa publikoko erakusketa-areto eta kultura-ikasgeletan.
Lan grafikoa
Bizkaian zehar ibiliko diren erakusketa askoren artean, nabarmentzekoa da Lan grafikoa 70eko urteetan, arte-modernitate garaikidearen irudi nahiko osoa ematen duen irudi sorta, eta zehatz esanda 70eko urteen bukaeran euskal artistek -beste askoren artean, Eduardo Chillida, Jorge Oteiza edo Jose Luis Zumetak- egindakoarena.
Programan sartzen da, baita ere, Pradoko museoa gaur egungo 12 artistak ikusia, Eduardo Arroyo, Miquel Barceló, Eduardo Chillida, Luis Gordillo edo Antonio Sauraren mailako dozena bat artistaren grabatuekin. Erakusketa honek, batetik, hausnarketa sortu nahi du artearen bizitasunaz, eta erakutsi Pradoko Museoan gorderiko margolanek elkarrizketa berritua ezartzen dutela belaunaldi bakoitzeko ikusle eta artisten aldetik; bestetik, gaur egungo agerpen edo adierazpideekin bereziki loturiko pertsonen begiradak erakarri nahi ditu eta, aldi berean, gure garaitik urrundutako arte tradizionala ezagutzen eta maite dutenen interesa piztu gura du.
Betalde, Mende Bukaera Bilduma ospe nabariko margolarien 27 serigrafiak osatzen dute, alfabetoko letra bakoitzeko bana. Pieza horietan hainbat joera sartzen dira: abstraktu puruenetik (Feito) figurazio gazteraino (Dis Berlin), informalismo edo espresionismo abstraktutik (Gordillo, Saura) kontzeptualismora (Eva Lootz), baita arte plastikoen beste adar batzuetatik datozenak ere: grabatua (Bellver), bideoa (Eguillor), ilustrazioa (Ana Juan), argazkigintza (Ouka Lele) edo arkitektura (Navarro Baldeweg).
Henri Matisse Jazz erakusketak zirkuan, bidaietan, ipuin herrikoietan inspiraturiko irudiak biltzen ditu; gouachez margotuak, ebakiak eta edertasun oparoko multzo batean konbinatuak, margolariaren beraren kaligrafiarekin haren bizitzako oharrak biltzen dituen testu batez lagunduta.
Marrazkiak eta argazkiak
Erakusketa Ibiltariak programa beste lan grafiko eta marrazki batzuek osatzen dute: Alberto Palomera, Ines Mendia, Ismael Iglesias, Javier Soto, Juan de la Rica, Jose Javier Lacalle, Koldo Etxebarria edo Sergio Sáezen lanek, besteak beste.
Argazkilaritzari eskainitako atalean hainbat genero biltzen dira: erretratua, bidaiak, erreportajea, berreskuratze historikoa edo negatiboaren manipulazioa eta askotariko gaiak agertzen dira: emakumea lanean, Harley Davisonak, jainkozkoa eta paganoa, Chernobylgo seme-alabak, Afrika edo herri-kirolak, adibide gisa batzuk aipatze aldera.
Erakusketa bakoitzaren zabalkunde handiagoa lortzeko helburuarekin, doan banatuko den katalogo bat argitaratzen da. Argitalpen hauetan Kirmen Uribe, Harkaitz Cano edo Bernardo Atxaga idazleen testuak agertzen dira, kritikari, museo-zuzendari edo kultura-kudeatzaileen ekarpenekin batera.
Erakusketa Ibiltariak programak kultura animatzeko eta komunitatean zabaltzeko tresna izan nahi du, sorkuntzarako ekinbide berriak bultzatuz eta jada ospetsuak diren autoreen lanak jendartean ezagutzera emanez.
Datozen hilabeteetan ikusi ahal izango den guztiaren aurrerapen gisa, BBK salan, gaur -azaroak 3- lan adierazgarrienen sorta bat erakutsiko da, Erakusketa Ibiltariak programari esker Bizkaiko udalerrietan zehar ibiliko dena. Sortze-lanen mosaiko bat da, hogeita hamarren bat pieza marrazki, argazki eta lan grafikoaren artean. Bilbon labur egon ondoren, berriro mugimenduan jarriko dira piezak.