‘Black is Beltza’ proiektuaren erakusketa izango da datorren astean

uriola.eus 2014ko aza. 3a, 10:25

Black is Beltza

Fermin Muguruzaren ‘Black is Beltza’ izeneko proiektua aurkeztuko du 2014ko azaroaren 13tik 2015eko otsailaren 8ra bitartean Alondegiak. Harkaitz Cano idazlearen eta Jorge Alderete irudigilearen laguntzaz, Fermin Muguruzak sortutako eleberri grafikoari buruzko erakusketa-proiektua da honako hau.

1965ean Iruñeko erraldoiak New Yorkeko Erakusketa Unibertsalean izan zirela kontutan hartuta, lan honek ekintza eta espioitzako istorio bat eraikitzen du, musika, amodioa eta iraultza nahasiz. Baita zinemagintzako genero desberdinak eta ikus-entzunezko aurrerapenak elkartuz ere. Erakusketan istorioa eraikitzeko erabilitako materiala eta irudirik esanguratsuenak izango dira ikusgai. Hainbat jarduera izango dira gune berean, komikia, musika, zinema, literatura edota gastronomia ardatz gisa hartuta.

Fermin Muguruzak ‘Black is Beltza’-ri ekitea erabaki zuen prentsan gatazka bat jasotzen zuen irudia aurkitu zuenean, arrotza eta ezaguna zitzaiona. Izan ere, 1965eko New Yorkeko desfilean egindako argazki baten oinean zera azaltzen zen: Iruñeko konpartsaren bi erraldoi beltzei debekua ezarri zietela desfilatzeko, arrazagatiko istiluak zirela eta. “Hori guztia irakurri eta berehala, argi ikusi nuen hor istorio bat zegoela", azaldu zuen Muguruzak.

Gertaera historiko hori abiapuntutzat hartuta, musikariak proiektuaren pertsonaia nagusiaren kontakizuna eraikiko du, Manex Unanuerena, alegia. Jatorriz Ipar Euskal Herrikoa den gazte horren begirada hartuta, kontakizunak zehatz azalduko ditu hirurogeiko hamarkadaren erdialdeko asalduzko garaietan izan ziren gertaera nagusiak: Malcolm X-en heriotzak eragindako arrazagatiko istiluak, The Factory mitikoko pertsonaien nabarmenkeriak, Kubako Inteligentzia Dibisioko zerbitzu sekretuen eta Estatu Batuetako Black Panthers-en arteko itunak, Francoren diktadura zahar-okitua eta grisa…eta abar. Laburbilduz, jakin-mina pizten duen istorioa da honako hau; fikzioa eta errealitatea nahasten dituena, amodioa, iraultza eta espioitza mintzagai hartuta.

Erakusketak bidaia egiteko gonbita egiten dio ikusleari. Manexen abenturak gertatzen diren aldi berean da bidaia, protagonistak 50 urte lehenago korritutako herrialdeetan barrena. Horrez gain, proiektuko hainbat fasetan zuzen edo zeharka erabili den materiala bildu du: egileak istorioa egituratzeko laguntza moduan izan dituen argazki-artxiboak, eleberri grafikoaren jatorrizko marrazkiak, eta ikus-entzunezko materialak, sasoi hartako ikuspegi sozial, politiko eta kulturalaren erakusgarri. Bestalde, hainbat jarduera egingo dira erakusketako gunean: Muguruzak berak zuzendutako solasaldi musikatuak, hainbat artistaren master class-ak, sukaldaritzako saioak, hitzaldiak, bisita-programa eta nerabeentzako jarduera didaktikoak.