Euskal zinemaren lehen hastapenen ‘Gure sor lekua’ filma eta doktorego tesia

uriola.eus 2014ko aza. 18a, 09:07

Josu Martinez EHUko ikerlari begoñarrak berriki aurkitu du ‘Gure sor lekua’ filma. Iñaki Goirizelaia EHUko errektorearen hitzetan "euskal zinemaren lehen hastapenen balore handiko testigantza eta ondarea" da. Filmaren bertsio laburtua Euskararen Nazioarteko Egunaren karietara proiektatuko dute.

Josu Martinezen "azken denboratako lana" bukaerara heltzear da. Abenduaren 3an aurkeztuko du doktore tesia, Gure (zinemaren) sor lekua. Euskarazko lehen filmaren aurkikuntza, historia eta analisia izenekoa, eta egun horretan Euskararen Nazioarteko Eguna denez, Euskal Herriko Unibertsitateak filmaren beraren emanaldi bat antolatu du Bilbon, Bizkaia Aretoa auditorioan arratsaldeko 19:30ean.

Iaz Hazparnen egin bezala, filmaren bertsio laburtu bat proiektatuko da, eta aurkitutako kopiak soinurik ez duenez, Joserra Senperena musikagileak espresuki idatzitako musikarekin lagunduko ditu irudiak. Musika zuzenean interpretatuko du Hertz/Xare laukoteak, Txaber Fernandezen zuzendaritzapean.

Sarrera librea izango da jarlekuak bete arte.

Eguna: abenduak 3
Ordua: 19:30
Lekua: Bizkaia Aretoko Mitxelena aretoan (Abandoibarra 3, Bilbao)

 

 

[2014/11/17] Bilboko ikaslek giza katea osatuko dute abenduaren 3an ‘Euskaraz zubiri zubi’ lelopean

[2014/11/17] Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko bertso afaria Zorrotzan