Euskal Herriko artista plastiko eta bisualen hasierako mapa

uriola.eus 2014ko abe. 2a, 08:38

Okela sormen lantegiak gaur, abenduak 2, Euskal Herriko artista plastiko eta bisualen hasierako mapa aurkeztuko du. Ekitaldian proiektuaren nondik norakoak azalduko dituzte eta artista gonbidatuen hausnarketak eta interbentzioak izango dira.

Joan den apiriletik San Frantzisko kaleko harategi zahar bat da Okela sormen lantegia; 180 metro karratu dituen beheko solairu bat. Nora Aurrekoetxea Etxebarria, Irati Urrestarazu Zubizarreta, Izaro Glez. Ieregi eta Miren Jone Ernaga Artzelus artista euskaldunek kudeatzen duten espazio kolektiboa. "Euskal arte garaikidea ardatz izanik, "pentsamendu kritikoa, gogoeta, eztabaida eta artisten saretzea bultzatzeko asmoz jaio den espazio irekia, topaleku eta elkargune", bezala definitzen dute euren proiektua.

Artisten Meeting Pointa

Hilero antolatzen dira Okelan "euskal artisten saretzea ahalbidetzeko proiektuak", batik bat, "generazio ezberdinetako artisten topaleku fisiko eta digital" izateko xedez. Horretarako gaika antolatzen dituzte berbaldi batzuk, "gai horren inguruan jarduten duten artistek mahai inguru bat" osatzen dutelarik. Artista bakoitzak 20 minututako denbora du bere gogoeta edota lan prozesuaren ingurukoak partekatzeko, amaieran mahai inguruari eztabaida eta galderei pauso emanez. Aurrerago, berbaldietan parte hartzen duten artisten obren erakusketa paratzen dute Okelan, Artisten Meeting Pointa burutzen den egunean inauguratuz. Hile bateko iraupena izaten dute erakusketek.

Sei hile luzez Okela lantegian ehundu duten Euskal Herriko artista plastiko eta bisualen hasierako mapa gaur, abenduak 2, aurkeztuko dute Bilboko Kafe Antzokian.