San Mameseko sarbideen mantenu lanak bere gain hartzeko eskatu dio Aldundiari EH Bilduk

uriola.eus 2014ko aza. 19a, 11:15
Argazkia: www.elclubtriumph.es

Sarbidean arazoak "etengabekoak" direla uste du EH Bilduk. "Bidezoruan arazoak sortzen dira aldioro, errepidearen erabiltzaileen segurtasuna jokoan jartzen da eta konponketak atzeratu egiten dira".

Batzar Nagusietan eta Bilboko Udalean eskatu du EH Bilduk Garraio sailak bere gain har ditzala Bilborako San Mameseko sarbideen errepidearen mantenu lanak. Izan ere, errepide horren bidezoruak "hainbatetan" kalteak izaten ditu.

Errepide horren mantenuaren arduradunak Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala dira, eta "baten eta bestearen arduraren muga sarbideotako zementuzko tunelak markatzen du". Bilduren esanetan, Udalari dagokion errepide zatian "matxurak errepikatu egiten dira, eta ez dira behar adinako azkartasunez ezta eragikortasunez konpontzen".