Pirritx eta Porrotxen disko berria ‘Txo, Mikmak txikia’ du izena eta kalean da jada. Hilabete eta erdi pasatxo igaro ditu pailazo taldeak Andoaingo Garate estudioan lan Albaola proiektua ardatz duen lan berria lantzen. Xabier Zabalaren gidaritzapean erritmo eta kolore askotariko 19 abesti grabatu dituzte. Albaolako lagunekin batera, hainbat eta hainbat musikari, bertsolari, sortzaile eta kantariek hartu dute parte. Abestiak harilkatuz, 19 ipuintxo doaz tartean, Jon Maiaren idazkera goxo eta alaiaz.
Aurtengo diskoak Euskal Herriko lagun askoren parte-hartze aberatsaz gain (Pasaiako Ondartxo irrien lagunak, Gure Esku dago ekimena…), aipatzekoak diren hainbat bitxikeri ditu. Batetik, Manu chao abeslariaren kolaborazio berezia. Izan ere, Donostian emandako azken kontzertuan harekin izandako hartu emanaren ondorioz ‘Minha galera’ abestiaren euskarazko bertsioa grabatu dute. Bertsio hau Xabier Zabalaren moldaketarekin, Amets Arzallusen hitzekin, eta Manu Chao eta Pirritxen ahotsekin egin da. Diskoaren diseinua eta ilustrazioak, aldiz, Julian Tokeroren eskutik egin dira.
Bestetik, Crystal fighters taldeak ‘Maite zaitut’ abestiaren ingelesezko bertsioa grabatu du bereziki disko honetarako. Eta azkenik, Albaola egitasmoari egindako ereserkia aipatu dute gaurko prentsaurrekoan; Xabier Zabalak konposatua, Jon Maiaren eta Sorkun hitzekin, Moro (rapeoak), Donostiako Orfeoia, eta Demode Quartet eta pailazoen ahotsekin. Gainera, Izaskun Forkada dantzariak Euskal Herriko txoko guztietara zabalduko duten koreografia prestatu du.