Udagoieneko Ostera Bizkaiko kultur zirkuituaren XV. edizioaren baitan, Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, lehen aldiz, zirkuituan izango diren zenbait sortzailerekin solasaldiak izango dira.
Udagoieneko Osterak, euskarazko kultur produkzioa gerturatzen du Bizkaiko antzokietara, euskaltzaleei aisialdian euskaraz gozatzeko aukera eskainiz. 15. edizioa, azaroaren 29ra bitartean gauzatuko da, eta kontzertu eta ikuskizunez gain, sortzaileekin hizketan aritzeko uneak izango dira.
Solasaldien antolaketan, tokian tokiko euskaltzaleen elkarteek eta hedabideek hartuko dute parte. Elkarteen kultur eskaintza aberastearekin batera, zaleak euskaltzaleen mugimendura gerturatu eta hauei kultur sortzaileekin harreman bide zuzenak ematea dira helburuak.
Musika eta antzerkia ditu ardatz aurtengo zirkuituak, eta herritar guztiei zuzendutako emanaldiak izango dira. Bi ikuskizun izango dira eta horien aurretik solasaldiak izango dira kultur sortzaileekin. Hona hemen programazioa:
• Azaroak 25, asteartea. Bilboko Kafe Antzokian, 11:00etan. Sarrera doan.
NAPOKA IRIA: Taldeko musikariekin solasaldia, Zenbat Gara elkarteak antolatuta.
• Azaroak 27, osteguna. Bilboko Kafe Antzokian, 21:30ean. Sarrera 8€ aldez aurretik, 12€ bertan.
NAPOKA IRIA eta ANARI: Lehen bikoteak “Arnasten Ikasteko Berriz” diskoa aurkeztuko du, eta Anariren kontzertua izango da ostean.
• Azaroak 27, osteguna. Igorren. Ikastetxeko ikasleentzat.
PANKREAS: Antzerki lanaren sortzailearekin (Patxo Telleria) solasaldia, Zertuk antolatuta.
• Azaroak 29, larunbata. Igorreko Lasarte Aretoan, 20:00etan. Sarrera 6€
PANKREAS: Gaur egungo tragikomedia bertsoz paratua. Tartean Teatroa konpainiaren antzerki lan berria da, Patxo Telleria, Mikel Martinez eta Joseba Apaolazarekin.
Sarrerak Kutxabanken orotariko kutxazainetan, interneten zein aretoetan bertan eros daitezke. Napoka Iria eta Anariren kontzerturako, Kafe Antzokian (zein interneten) eskuratu daitezke sarrerak. Informazio gehiagorako, http://topagunea.eus/egitasmoak/udagoienekoostera-2014/ web orrira jo daiteke.