Bigarren BALA

uriola.eus 2014ko abe. 9a, 11:00

BALA Bilboko Arte Liburu Azokaren bigarren edizioa egingo da abenduaren 11tik 14ra bitarte, Naxako geltokian. Bertan, norberak argitaratutako lanak, argitaletxeek eta liburu-dendek parte har dezakete. Fanzineek ere euren tokitxoa izango dute.

Banizu Nizuke elkarteak ondu du BALA azoka, Eusko Jaurlaritza, Grafilur inprenta eta nontzeberri.com eta ladocena.es webguneen laguntzarekin.

Azokaren xedea da argitaletxe, inprenta, liburu-denda espezializatu eta artista autoeditatuen arteko topaketa-gunea izatea. Horretarako, standak, hitzaldiak, aurkezpen-ekitaldiak, mahai-inguruak eta tailerrak antolatuko dira. “Arte liburu, argazkigintza, arlo grafiko, norberaren argitalpen eta argitalpen berezi edo fanzineekin lotutako jardun-plataforma da”.

Azokaren baitan hainbat jarduera ondu dituzte: tailerrak, hitzaldiak, kontzertuak, aurkezpenak…

Tailerrei dagokienez, Los Plomezek kartelei buruzko tailerrak zuzenduko dituzte, Maria Yelletischek Nire lehendabiziko artistaren liburua izeneko tailerra gidatuko du eta Sandra Marchek fanzineak eta liburu txikiak tolesteko tailerra emango du.

Halaber, Nagore Legarreta argazkilariak irudi estenopeikoekin egindako Editopotoa egitasmoa aurkeztuko du. Horrekin batera, Perdita Metabuk egitasmo editoriala ere aurkeztuko dute, eta Bakelite bikotearen kontzertua ere izango da.

Informazio gehiago: banizunizuke.com