'Euskal Herria' liburu bihurtu du Sua argitaletxeak. "Liburu eder eta zoragarri, gure herria zer den lau haizetara zabaltzeko aldarri, gure txikitasunean biltzen den kontinente zabal eta kasik amaiezinaren adierazgarri". Zehatz esatearren, Euskal Herria lau liburu bihurtu da, euskarazkoa, gaztelaniazkoa, frantsesezkoa eta ingelesezkoa alegia.
Koloretan emanda datoz 158 orrialdeak. Bertan daude gure naturaren altxorrak (ibaiak, basoak, mendiak, itsasoa, basamortua, fauna eta landaredia), hiriak eta lantegiak. Horiek denak naturaren eta gizakiaren arteko harremanaren ondorioak dira. Eta herri honetako "seme-alaben jardueren emaitzak dira", halaber, liburuaren bigarren zatian ageri diren eremuak: historia, euskara, artea, kirola, musika, antzerkia, literatura, gastronomia… atzo aurkeztu zuten liburua Bilbon eta dagoeneko liburu-dendetan eskura daiteke.