Galdutzat ematen zen ‘Gure sor lekua’ filmaren kopia mutu bat aurkitu du Parisen EHUko ikerlari Josu Martinezek. Audiorik ez du kopiak, baina lekukoekin eta garaiko prentsarekin egiaztatu dute euskaraz filmatu zela. Audioa aurkitzeko laguntza eskatu dute.
Josu Martinezen "azken denboratako lana" bukaerara heltzear da. Gaur, abenduaren 3an aurkeztuko du doktore tesia, Gure (zinemaren) sor lekua. Euskarazko lehen filmaren aurkikuntza, historia eta analisia izenekoa, eta Euskararen Nazioarteko Eguna denez, Euskal Herriko Unibertsitateak filmaren beraren emanaldi bat antolatu du Bilbon, Bizkaia Aretoa auditorioan 19:30ean.
Iaz Hazparnen egin bezala, filmaren bertsio laburtu bat proiektatuko da, eta aurkitutako kopiak soinurik ez duenez, Joserra Senperena musikagileak espresuki idatzitako musikarekin lagunduko ditu irudiak. Musika zuzenean interpretatuko du Hertz/Xare laukoteak, Txaber Fernandezen zuzendaritzapean.
Sarrera librea izango da jarlekuak bete arte.
Eguna: abenduak 3
Ordua: 19:30
Lekua: Bizkaia Aretoko Mitxelena aretoan (Abandoibarra 3, Bilbao)