Nick Rosenek eta Peter Mortimerrek zuzendutako Valley Uprising dokumentalak jaso dau Film Onenaren Urrezko Eguzkilorea eta Ikus-entzuleen Eguzkilore Saria, bai epaimahaiak bai ikusleek bat egin dabe lan honegaz. Mendi Film jaialdiaren sari-emote ekitaldia barikuan izan zan, BBK Salan, eta ostean Clint Eastwooden The Eiger Sanction proiektau eben, aurtengo kartelaren protagistea.
AEBetako Yosemite haraneko eskaladearen historia kontetan dau Valley Uprising pelikuleak, orain bost hamarkadako hasierako eskalatzaileekaz hasi eta gaur egunera arte. Epaimahaiaren eretxiz, film berezia da, oso modu bizian kontatua; maisutasunez nahasten ditu artxiboko irudiak, grafikoak eta alkarrizketak , gai serioak aztertzen ditu eta, aldi berean, oso dibertigarria da, gomendagarria ikus-entzule guztientzat, eskalatzaileentzat nahiz kaleko jentearentzat.
Patricia Ayala kolonbiarrak lortu dau Zidarrezko Eguzkilorea Don Ca beharragaitik. Kolonbiako oihaneko herrixka galdu batean irakaskuntzan jarduteko dana itxi eban gizonaren istorioa azaltzen dau. Epaimahaiaren esanetan, pelikula sakona da, harrapetan zaituana eta oso modu ederrean landua, istorio konplejua irudimen handiz kontatua, eta modu bikainean zuzendua.
Drawn filmak garaikur irabazi ditu: gidoi onenaren Zidarrezko Eguzkilorea eta alpinismoaren balio sozialak ondoen jasoten dituen lanare sari barria, WOP Fundazinoak emondakoa. Pelikulak Jeremy Collins eskalatzaile eta artistearen lana buztartzen ditu. Lehenengo sariari jagokonez, nazinoarteko epaimahaiak eskalatzaile baten bizimoduaren alderdi ugariak ondo azaltzen dituan kontakizun barritzailea dala azpimarratu dau.
WOP Saria erabagi daben epaimahaikideek, barriz, balio honeek nabarmendu ditue: oztopoak gainditzeko ahalegina, ez etsitzea, talde-lana, sokakideen arteko leialtasuna, baikortasuna aldaketarako motor lez, alpinismoazko konpromisoa eta jarduera hori familiagaz buztartzeko konpromisoa, eta bizi-grinea.
Ganerako sariduna honeek izan ziran: argazki onena (Quest for Inspiration), film labur onena (Duct Tape Surfing), mendiko film onena (Sati), eskaladako film onena (Defaid a Dringo), kiroletako eta abenturazko film onena (Wainwright Record Attempt) eta mendiko kultureari buruzko film onena (Sobre la Marxa), epaimahaiaren saria (Metamorphosen) eta ohorezko aitamena (Caminos de Agua).