Musika-talde berezi hau bakarra da bere ezaugarriei dagokienez; izan ere, pieza guztiak zaborretako hondakinekin egindako musika-tresnekin interpretatzen ditu. Bilduma zabala dauka: pieza klasikoak, musika folklorikoa, Paraguaiko musika, Latinoamerikako musika, Beatlesen musika eta Frank Sinatraren musika, besteak beste. Munduko artistarik ospetsuenekin partekatu dute agertokia, adibidez, Metallica rock bandarekin.
Orkestrako zuzendari Inma Sharak kontzertu handi honekin bat egin nahi izan du, eta umeekin batera oso abesti berezia interpretatuko du. Bilboko Kontserbatorioko Koralak ere haiekin batera aritu nahi izan du, eta orkestrak interpretatuko duen piezetako bat kantatuko du.
Cateurako Musika-tresna Birziklatuen Orkestra Cateurako ume eta gazte talde batek osatzen du. Cateura Asunciongo (Paraguai) auzo baztertu bat da, zabortegi baten gainean eraikia. Bere irudimen eta ilusioari esker, hiriko hondakin solidoetako materialekin egindako musika-tresnekin osatutako orkestra handi bat sortzea lortu dute guztien artean. Hodiekin egindako txirulak, latekin egindako gitarrak eta sardexkekin eta latorriarekin egindako biolinak aurki ditzakegu orkestra orginal honetan; ekimenak frogatzen duenez, birziklapenean bigarren aukerak egoten dira sarri.
Helburu horrekin, Ecoembesek ekimen hori ekarri du Estatura, norbere burua gainditzeko istorio honen bitartez, birziklapenak, musikak eta hezkuntzak egungo gizartean duten garrantzia erakusteko herritarrei, baita ilusioz, esfortzuz eta ingurumenaren zaintzan erantzukizunez jokatuz gauza handiak lor daitezkeela erakusteko ere.
Sarrerekin bildutako diru guztia Cateurako Musika-tresna Birziklatuen Orkestraren fundaziora bideratuko da. Erakundearen helburu nagusia da bertako geroz eta ume gehiagok ekimen honetan parte hartu ahal izatea, eta mundu osoan zehar euren musika eta ingurumenaren aldeko mezua barreiatzen jarraitu ahal izatea.