Herrialde mailako kartzela izan zen Larrinaga, Bizkaiko espetxea, alegia. Zentro “potentea” eta era berean “ezezaguna”, Aranzadi zientzia elkarteko Eztizen Miranda eta Sonia Poloren hitzetan. Duela bi urte bururatu zitzaien Aranzadiko lagunei Larrinaga “zer izan zen berreskuratzea” eta “100 urteko historia luze eta intentsoa” laburbiltzea.
Erakusketak ez du Aranzadirena izan nahi. “Guztion erakusketa izatea nahi dugu”, dio Eztizen Mirandak. Elkarteak “bidea zabaldu” du eta, orain, jendeari dagokio ekarpenak egitea. “Jendeak badu zer konpartitu, zer zabaldu. Azken finean, Larrinaga Bilboko eta Bizkaiko herritarren kartzela izan zen”.
BERTON aldizkariaren bitartez, dei egin zien joan den urrian Aranzadik bilbotar eta bizkaitarrei, Larrinagako “lekukoei: preso egondakoei, presoen senitartekoei, Solokoetxeko auzotarrei, kartzela ezagutu zutenei, oro har. Elkarbanatzeko deia zen, “edozer gogoratzen dutela, edozer gordetzen dutela”, izan argazkiak edota objektuak.
Edurne da lekukoetako bat. 14 urte zituenean presoak bisitatzen zituen amaren aginduz. Arropa eta jatekoa eramaten zien, eta mezu ezkuturen bat ere bai. Zein kode erabiltzen zuen kontatu dio Aranzadiri. Hainbat objektu ere utzi ditu elkartearen eskutan, besteak beste, presoek esker onez egin zioten koadroa, eskumuturreko edota kutxatxo bat.
Erakusketa
Bizkaiko Foru Aldundiaren babesari esker, gaurtik aurrera, urtarrilak 26, Ondare Aretoan (Maria Diaz de Haro 11) paratuko du Aranzadik erakusketa Larrinaga “kartzelaren historia eta istorioekin”. Planoak, dokumentu ofizialak, argazkiak, objektuak… ikusi ahalko dira. Lekukotzak ere entzungo dira. Sonia Poloren esanetan, “argazkiek asko diote kartzelari buruz eta lekukotzek ahotsa emango diote. Dena bilduta Larrinagako nondik norakoa kontatu nahi dugu”.
Karlistak, abertzaleak, gudariak, langileak, emakumeak, lapurrak, homosexualak... pasa izan dira Larrinagako ziegetatik harik eta 1968. urtean itxi eta eraitsi zuten arte. Ordurako Basaurin kartzela berria martxan zen eta espetxe zaharraren orubean Vicente Garamendi etxaldea eraiki zuten.
Ezagunak dira Guda Zibil garaian eta Frankismo garaian Larrinagan gertatutako pasarte ugari, baina erakusketak ez du epe horietara mugatu nahi. Aranzadik 100 urteko ibilbidea erretratatu nahi du, “kartzelaren bilakaera” agerian utziz eta, Eztizen Mirandak dioen bezala, “kartzela garaian garaiko gizartearen isla” dela erakutsiz.
“Bitxia” bada ere, denboran hurbilen geratzen diren urteak dira kartzelaren historian ezezagunenak, “oso ilunak”. XIX. mende hasierako dokumentu asko eskuratu ditu Aranzadik, Errepublika eta Guda Zibil garaikoak ere badira, gerra osteko lekukotzaren bat edo beste ere bai, gutxi ordea 50 eta 60ko hamarkadakoak.