Euskal Herriko dantzen erakustaldia txistu eta danbolin doinuekin

uriola.eus 2015ko urt. 28a, 09:48

Bilboko Udal Txistulari Bandak Euskalduna Jauregiko kontzertu programarekin jarraituko du gaur. Bertan, musika eta dantza ikuskizuna eskainiko diote publikoari Galdakaoko Andra Mari Dantza taldearekin batera.

Emanaldia iluntzeko 8etan hasiko da Euskalduna Jauregiko A1 Aretoan, eta sarrera doakoa izango da. Neguko zikloaren barruan, martxoaren 30a arte programatu dituzten kontzertuetan bigarrena da honakoa. Euskal Herriko herri eta probintzia desberdinetako dantzak izango dira protagonistak; tartean, soinu zaharrak, Auritzeko ingurutxoa, Nafarroa eta Luzaideko dantzak eta baita Gipuzkoa eta Bizkaikoak ere. Txistularien doinuek erritmoa jarriko diete euskal dantzei.

Bestalde, txistulari bandaren hurrengo hitzorduak datorren hilabetean izango dira. Otsailaren 11n kantaldia ospatuko da; eta 25ean, berriz, kontzertua Iruñeako Pablo Sarasate goi-mailako kontserbatorioko txistu ikasleekin. Kasu honetan hurrengo emanaldi hauek Jauregiko A3 aretoan ospatuko dira arratsaldeko zortzietatik aurrera, eta sarrera librea izango da aforoa bete arte.

Andra Mari taldea

1955etik talde bizkaitarrak mundu guztiko aberrietara zabaldu izan du euskal kultura tradizionala parte hartu duen Jaialdi Internazional guztietan. Pasa den maitzean I. Estatu Gabeko Herrialdeen Musika jaialdia antolatu zuen eta horrenbestez, kultur arloko ekimen berria gaineratu dio orain dela 60 urte sortu zen herriari.