"Gauza nahasia" izango da gaurkoa. Ohi bezala "estilo librean" arituko da Yogurinha Borova. 21:00etatik aurrera, ikuskizun "askea" eskainiko duela aurreratu dio URIOLAri. "Kontzertu bat baino gehiago zoramena izango da, ikaragarria".
Izar & Star ekimenaren baitan Camposen egiten den bosgarren ikuskizuna da gaurkoa. Javier Corralek aukeratzen du zein talde omendu eta zeinek omendu. Oraingoan Almodovar eta McNamara omentzea pentsatu du Javierrek, eta Yogurinhari luzatu dio proposamena. "Ondo egin nezakela pentsatu zuen, saltsa pixka bat eman nezakeela", dio Yogurinhak.
Bai Almodovarrek bai McNamarak "eragin handia" izan dute Yogurinharengan: "Emakumez jantzita egiten zituzten ikuskizunak, transgresoreak izan ziren, freskoak. Euren abestiak bereziak dira, ez dira batere normalak".
Yogurinha ez da bakarrik egongo Camposeko kupulan, bi laguntzaile izango ditu ondoan. Ruben DJ lanetan eta Toledotik etorritako Piruli kantatzen eta dantzatzen. Yogurinhak ez du baztertzen hirukotea handitzea. Ziur dio, "publiko artean egon daitekeen lagunen bat igo daitekeela eszenatokira".
Almodovar eta McNamararen abestiak ez ezik bere abestiak ere interpretatuko ditu, hala nola, Maite duzunarekin gozatu edota Alderaan.
Sarrerak 10 euro balio du eta edari bat hartzeko aukera ematen du.