'Grupo Crónica' taldearen 150 pieza

uriola.eus 2015ko ots. 10a, 14:20

Argazkia: Bilboko Arte Ederren Museoa

Taldearen sorreratik berrogeita hamar urte pasatxo bete direnean, Bilboko Arte Ederren Museoak orain arte egindako atzera begirako erakusketarik zabalena eskainiko du.

'Equipo Crónica' taldea 1964an sortu zuten hiru artista valentziarrek: hain zuzen ere, Rafael Solbes (1940-1981), Manuel Valdes (1942) eta Joan Antoni Toledok (1940-1995), azken horrek taldea handik hilabete gutxira utzi bazuen ere. Martxan egondako urteetan, 1981era arte (urte hartan hil zen Solbes), proiekzio publiko zabala izan zuen Espainiako artean, eta presentzia esanguratsua izan zuen Frantzia, Italia eta Alemaniako giro artistikoetan.

Taldearen sorreratik berrogeita hamar urte pasatxo bete direnean, Bilboko Arte Ederren Museoak orain arte egindako atzera begirako erakusketarik zabalena eskainiko du BBK Fundazioaren babesari esker (azkena Valentziako Arte Modernoko Institutuak antolatu zuen 1989an, eta, ondoren, Centro de Arte Reina Sofia museora eraman zen. Bertan, taldearen sorkuntza-fase guztiak daude ikusgai, 1964tik 1981era.

Erakusketan, hainbat bilduma publiko eta pribatutako lan garrantzitsuak jaso dira, eta, horien artean, IVAMek lagatako sorta zabala nabarmentzen da. 150 lan inguru bildu dira, eta museoko bi espaziotan aurkeztuko dira: BBK aretoan, zenbait serietan artikulatutako 74 pintura eta eskultura; eta 33. aretoan (eraikin modernoko bigarren solairuan), berriz, Valentziako Estampa Popular mugimenduaren 72 marrazki, grabatu, kartel eta jatorrizko dokumentazio. Hain zuzen ere, Solbes, Toledo eta Valdes aipatutako talde horren parte izan ziren, 'Equipo Crónica' sortu aurretik. Era berean, taldearen proposamen artistikoaren hastapenak ere bertan daude ikusgai.

Proiektuko komisarioak Tomas Llorens Serra (bere garaian, taldearen oinarri teoriko gisa erabilitako testuak prestatu zituen) eta Boye Llorens Peters historialariak izan dira. Museoak erakusketa dela-eta argitaratutako katalogoan, Tomas Llorensen eta Valeriano Bozal historialari ospetsuaren testuak daude. Horrez gain, kronologia zehatza ere argitaratu da, 'Equipo Crónica' taldearen katalogo arrazoitua egin zuen Michele Dalmaceren eskutik (hain zuzen ere, museoak 1988an ere kolaboratu zuen Dalmacerekin, lan grafikoaren eta egindako lan ugarien katalogoa argitaratzeko).

Pop giroaren eta figurazio berriaren epeletan, 'Equipo Crónica' taldea Parisko hainbat erakusketatan eman zen ezagutzera, joan den mendeko hirurogeiko hamarkadan. Taldean egindako lan anonimoa, tinta lauen erabilera, serietan egindako lanen artikulazioa, komunikabideetatik jasotako irudien oroitzapena eta historiari zein arteari buruzko erreferentzien jabetze kritikoa izan ziren euren jarduera sortzailearen ezaugarririk nagusienak, garai hartako errealitate soziopolitikoarekin nahita lotutakoak. Hain zuzen ere, gutxi gorabehera, erregimen frankistaren azken hamarkadarekin eta demokraziaranzko trantsizioaren hasierarekin bat egiten duen Espainiako historia bisualki irudikatzeko gaitasuna da taldearen ezaugarririk nabarmenenetakoa.