Ertzaintza eta Polizia Nazionaleko agenteek deklaratuko dute gaur eta bihar Cabacas auziagatik

uriola.eus 2015ko ots. 12a, 08:58

Bi Ertzain eta beste bi Polizia Nazionalek deklaratuko dute gaur eta bihar Bilboko 10. Instrukzio Epaitegian. Iñigo Cabacas auziaren baitan izango dira epaituak eta 2012ko apirilaren 9an Maria Diaz de Haro kalean izandako istiluetan gertatutakoa argitu beharko dute. Gaurko hitzorduaren aurrean, Iñigo Gogoan Herri Ekimenak elkarretaratzea deitu du 9:30ean, Buenos Aires kalean. 

Iñigo Cabacas 2012ko apirilaren 9an hil zen, Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek eman eta lau egunetara. Apirilaren 5eko gauerdiaren inguruan iritsi zen Basurtuko Unibertsitate Ospitalera, leherketaz buru hezurra hautsita eta garuneko lesio larriekin. Koma egoeran egon zen aireztapen mekanikoarekin, medikuek garuneko heriotza egiaztatu zuten arte.

Gertaeratik hiru urte beteko dira, eta oraindik ez da Cabacas auzia argitu. Eztabaida ugari piztu dituen kasu honek hainbat akats ezagutarazi ditu, puntu ilunak edota txosten batzuen falta, tartean. Bestalde, herriaren ahotsa azpimarragarria izan da Iñigo Cabacasen auzia argitzeko prozesuan; izan ere, etengabeko mobilizazioak antolatu dira urte hauetan zehar (manifestazioak, giza kateak, omenaldiak eta abar).