Jostunak herritarren borondateak jositako istorio bat dokumentala joan den abenduan aurkeztu zen Bilboko Alondegian. Iazko ekainaren 8ko giza katerako bidea nahiz erabakitzeko eskubideari buruzko hainbat iritzi biltzen dituen lana da Jostunak.
Gure Esku Dagoren sustraitze prozesua kontatzen du; "hedabideetan agertzen ez den kronika": nola abiatu ziren lehen batzordeak, lehen asmoak... Hortaz, milaka lagunek hilabeteetan egindako jostun lana erakusten du dokumentalak. "Haria herritarren borondatea izanik, deslotuak zeuden herritarrak batzeko gaitasuna izan dute herriz herri eginiko jarduna, alegia".
Parte hartzaileen artean daude, besteak beste, Garbiñe Biurrun epailea, Gemma Zabaleta Jaurlaritzako sailburu ohia, Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusi izandakoa, Carlos Garaikoetxea Jaurlaritzako lehendakari ohia eta Tomas Urzainki historialaria.
Gure Esku Dago herri ekimenaren erronka ikasturte honetan "lan horretan sakontzea" da, "herritarren borondatearen hariak ahalik eta herritar gehien batzen jarrai dezan". 123 kilometro eta 150.000 lagunekoa izan zen ekainaren 8ko haria, baina "lan andana dugu aurretik hiru milioi biztanlerengana iristeko".
Ekimeneko kideek aurkeztu dituzten proposamenen artean dago Bilboko Plaza Barrian apirilean egingo duten ekitaldi berezia; ekainean, aldiz, San Mames futbol zelaia bete nahi dute.