Bilbon bizi den ikasle iparamerikarra da otsailaren 29ko goizaldean erasoa jasan zuen emakumea. Atzetik erasotu zuten etxeko atarian sartzen ari zela. Basurtuko ospitalean mediku eta forenseen azterketaren arabera bortxatu egin zuten. Ertzaintzari emaniko deskribapenaren arabera, 25 eta 35 urte bitarteko altuera ertaineko eta azal zuriko gizona izan zen bortxatu zuena, txaketa ilun eta praka bakeroak jantzita zituena. Ertzaintzak ikerketa abiarazi du erasotzailea identifikatu eta atxilotzeko.
Bilboko Udalak sexu erasoa gaitzetsi du. Oihane Agirregoitia Berdintasun zinegotziak Europa Press agentziari eginiko adierazpenetan nabarmendu du gertakariak gizarte moduan "pobretzen gaituela" eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunean "bide luzea dugula egiteko" adierazten duela. "Errespetu osoa" eskatu du Agirregoitiak erasotua izan den pertsonarentzat, hain zuzen ere, bere "intimitate eskubidea" errespetatzeko. Horrelako gertakizunak, "gizartearen gaitzak", errepika ez daitezen "babesa" eskatu die zinegotziak hiritarrei. Berak, Bilboko Udalaren izenean, hiritarrak berdintasunean sentsibilizatzen jarraitzeko konpromisoarekin tinko jarraituko duela agertu du.
Eraso baten aurrean deitu 016 zenbakira. 365 egunetan 24 ordutan funtzionatzen du, doakoa da, eta ez du fakturan arrastorik uzten.