Fausto, herritar eredugarri
Irudi eta akzio basatiez beteriko antzezlana, kolpe latzez, gezurrez eta ilusioez beteriko bizimodua agerrarazteko. Antzerki panfletoa, kontzertua eta deskontzertua, komedia, tragedia eta performancea C. Marloweren 'Fausto' antzezlana abiapuntutzat harturik.
Fausto kartzelan preso dago. Indultua eskainiko diote, Madame Demokraziarekin ezkontzea onartu eta, ondorioz, herritar eredu bihurtzea onartzen baldin badu. Horrela bada, Faustok Ongizatearen bidea, ezkontzarekin hasiko du, noski, Mefistofeles emaztetzat onartuz. Aurrerantzean izaki honek gidatuko du Fausto ereduzko herritar bihurtzeko zeharkatu beharko duen arrakastarako bide ilun, haluzinagarri, elektroniko, arriskutsu eta atzera bueltarik gabekoan, boterearen eta gailentasunaren bila beti.
Faustoren barkamen eta botererako lasterketa, exekuzio publikoa bilakatuko da. Inork ezin du bizitzea tokatu zaigun kartzelatik ihes egin, ez dagokigun kondena bete behar baitugu jendartean egunero. Zigor batean murgilduta bizi gara, prozesu penalean bezala, gure delitua zein den jakin gabe, baina bai, ordea, gero eta indartsuagoak diruditen gure borreroak.
Sormen diziplina ezberdinak bat eginik: aktoreak, idazleak, musikariak, DJak, raperoak, eszena zuzendariak, diseinatzaileak... Kutsu hiritarra gailentzen da antzezlanean, egunero zapaltzen dugun eta zapaltzen gaituen kaleetakoa, musika elektronikoa eta hip-hopa, testu klasiko eta kaletarrekin nahastuz.
Martxoak 11 asteazkena: Bilbo – Alondegia (Auditorium) 20:00etan