Frantziako goi-joskintzako ereduak koadroen artean

uriola.eus 2015ko mar. 11a, 09:07

'50eko hamarkada. Moda Frantzian 1947-1957' izeneko erakusketa ikusgai dago Bilboko Arte Ederren Museoan. Bertan, koadroen artean paratu dituzte Pariseko Modaren Museotik ekarritako 100 jantzitik gora. Balenciaga, Givenchy, Christian Dior edota Yves Saint Laurenten diseinuak, besteak beste.

50eko hamarkada oso etapa esanguratsua izan zen Frantziako goi-mailako jantzigintzarako, 1929ko porrot finantzarioaren eta, batez ere, gerraren ondorioz gainbehera egin ostean. Hamarkada horretan, Paris modaren munduko hiriburua izan zen berriro, eta, berpizkunde horretan, maisu handiak izan ziren nagusi: Jacques Heim, Chanel, Schiaparelli, Balenciaga –Bilboko Arte Ederren Museoak Balenciaga. Mugaren diseinua erakusketa monografikoa eskaini zion (2010)– edo Jacques Fath, baita Balmain, Christian Dior, Jacques Griffe, Hubert de Givenchy edo Pierre Cardin ere. Guztiek luxuaren, dotoretasunaren eta sormenaren adierazgarri zen moda frantsesaren ospe iraunkorra suspertu zuten, baita euren lorpenak prêt-à-porterrera eramateko ahalegina ere.


Erakusketa honetan, emakumeen gorpuzkerak 1947-1957ko hamarkadan izandako bilakaeran zehar egingo da ibilbidea, hau da, New Look delakoa sortu zenetik hasi eta Christian Dior hil eta Yves Saint Laurent iritsi zen arte. Iaz, Palais Gallieran, Pariseko Modaren Museoan, aurkeztu zen, eta bertako zuzendariak, Olivier Saillardek, museoko ehunetik gora modelo zein osagarri hautatu zituen. Gehienak, gainera, pieza paregabeak dira. Bilboko erakusketako komisario elkartua Miren Arzalluz izan da, trajearen nahiz modaren historiako aditua.

 

50eko hamarkada. Moda Frantzian 1947-1957