Jose Rafael Pascual-Vilaplanak, Bilboko Udal Musika Bandako zuzendari titular berriak, neguko denboraldiko azken kontzertua zuzenduko du igande honetan, martxoak 22, Euskalduna Jauregian. Azken emanaldi honetarako, Bandako zuzendari titularrak De Nardis, Grainger eta Shostakovichen doinuak biltzen dituen programa antolatu du, 'Bandarako musikaren klasikoak' izenburupean. Publikoak musikagile ospetsuek bereziki bandei begira sortutako doinu ederrak entzun ahal izango ditu.
Pascual Vilaplanaren batutapean, Bilboko Musika Bandak interes beteko programa taularatuko du, Amilcare Ponchielli musikagilearen Sinfonia per banda, Joan Cantoren Andante y Polonesa eta Camillo de Nardisen Il giudizio universale poema sinfonikoa tarteko direla. Kontzertuaren bigarren zatian, Percy Graingeren Irish tune from Country derry & Sheperd´s hey, Dimitri Shostakovichen Folk dances eta Vaclav Nelhybelen Trittico eskainiko ditu.
Hitzordua 12:00etan izango da. 2 eurotan izango da sarrera eta txarteldegian jaso daitezke edo baita, BBK-ko kutxazainetan eta www.euskalduna.net webgunean
Horrelaxe amaituko da Udal Bandak Euskalduna Jauregiko Auditorioan eskaintzen duen neguko kontzertu-denboraldia, baina ez bere musika-programazioa.
Musika Bandaren hurrengo hitzordua BBK Salan izango da martxoaren 28an, Iñaki Urkizuren zuzendaritzapean. Eta maiatzaren 15ean dagoeneko, udaberriko denboraldiari hasiera emanez, Areatzako kioskoan aire librean egingo dira ostiral oro kontzertuak.
Bilboko Udal Musika Banda 45 musikarik baino gehiagok osatzen dute. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren menpeko Bilbao Musika erakunde autonomoari atxikita dago gaur egun, Musika Eskola eta Udal Txistulari Bandarekin batera.