Kepa Junkeraren hauspoaren ibilia lau hamarkadetan

uriola.eus 2015ko mar. 25a, 13:12

80ko hamarkadan hasi eta gaur egunera arte, bidaia egiten duen erakusketa da El fuelle viajero. Hauspo bidaiaria izenekoa. Kepa Junkera musikariaren unibertsoari buruzko zentzumen, ikusmen eta soinuzko erakusketa. Maiatzaren 3ra arte ikusgai egongo da Azkuna Zentroan.

Kepa Junkerak 35 urte bete ditu musikaren munduan, eta era askotara ospatuko du urteurrena, besteak beste, erakusketa honen bidez. Kepa Junkeraren ibilbidean diskoen sorta zabala aurki dezakegu, eta musika-bilakaera argia ere bai, trikitiari buruzko ikerketan eta beste musika batzuekiko mestizajean sakondu baitu, inork egin ez duen moduan. Geldigaitza eta jakin-nahia dugu Kepa, eta, beraz, ezin konta ahala objektu, lekukotasun eta bizipen metatu ditu bere ibilbidean barrena, berari eta dagokion musika-arloari buruzkoak.

Erakusketan, Errekaldeko musikagilearen alderdi berriak eta ezezagunak aurkituko ditugu, bere bidaiak, kontzertuak, eta musika eta kulturako beste pertsonaia ospetsu batzuekin izandako harremanak.

Kepa Junkeraren diskografia-lanek trikitiaren mundua irauli, eta euskal musikaren ikuspegia aberastu dute. Era berean, mugarik gabeko musika sortu du, beste leku eta kultura batzuetako lurrin, erritmo eta koloreekin nahasia, konplexurik gabe mundura irekia, errespetu osoarekin, eta, batik bat, egiten duena maite duenak duen ilusio eta jakin-minarekin. Denbora horretan, musikari bilbotarrak hainbat objektu, testigantza eta bizipen metatu ditu bere ondoan eta bere lanaren inguruan. Orain erakusketaren forma hartuta Az Azkuna Zentroan erakusten den ‘mundu’ oso bat, hain zuzen.

Erakusketan banatutako espazio tematikoetan, musikagilearen objektu eta argazki pertsonalek eta ohiko kolaboratzaileen grafismoek argi erakusten dute euskal musikaririk emankorrenetako bat izan arte Junkerak egin duen bidea. Erakusketa honetan aurkeztutako elementuen artean, bereziki nabarmendu behar da Kepa Junkerak osatu duen trikiti, pandero eta txalaparten bilduma. Gainera, bisitariek modu aktiboan parte hartu ahal izango dute. Musika-tresna horietako batzuk eskuragarri egongo dira, bisitariek doinuak sortu ahal izateko edo notaren bat ateratzeko ahalegina egiteko.

 

Kepa Junkera

Aititaren eskutik izan zituen lehen harremanak musikarekin, garai hartako erromerietan laguntza ematen baitzion panderoarekin alabari, hau da, Keparen amari, honek dantzako lehen urratsak egiten zituen bitartean.

Harrezkero, Kepa Junkera musikari autodidakta, geldigaitz eta ausartak ibilbide luzea egin du musika tradizionalaren mundutik, berezko estiloa sortu, eta bide pertsonala urratu du, eta, horrenbestez, nazioartean ospe gehien duen Euskadiko musikarietako bat da gaur egun.

Bere diskografia-lanek trikitiaren eta tradiziozko musikaren mundua irauli, eta euskal musikaren ikuspegia aberastu dute, inprobisazioak tratatzeko eta estilo desberdinak urtzeko duen moduari esker. Bere lanek sakon errotuta daude tradizioan, baina Kepak mugarik gabeko musika sortu du, beste leku eta kultura batzuetako lurrin, erritmo eta koloreekin nahasia, konplexurik gabe mundura irekia, errespetu osoarekin, eta, batik bat, egiten duena maite duenak duen ilusio eta jakin-minarekin.

 

basque FEST

“El fuelle viajero. Hauspo bidaiaria” erakusketa basque FEST jaialdian sartuta dago, aurten, apirilaren 2tik 5era arte, Bilbon izango den Euskal Kulturaren eta Abangoardiaren Lehiaketan. Aurreko edizioetan bezala, basque Fest hitzordu garrantzitsua da, gure lurreko musikaz, diseinuaz, literaturaz, gastronomiaz eta kirolaz gozatzeko. basque FEST-ek areago indartu nahi ditu Bilbok “Basque World” kontzeptuaren eredu gisa duen konpromisoa, kultura hiritar, euskaldun eta kosmopolitaren alde egindako apustua, eta hazkunde ekonomikoa sortzeko ahalmena.

 

Erakusketarekin batera egingo diren jarduerak

Martxoak 25. 19:00

Master Class eta bilera Kepa Junkerarekin.

'Hauspo bidaiaria / El fuelle viajero' liburuaren aurkezpena. 

Apirilak 1. 19:00

Bilera erakusketako argazkilaria den Igotz Ziarretarekin. Moderatzailea: Gaizka Peñafiel.

Igotz Ziarretak performance bat egingo du, nahi duenari argazkia aterata.  

Apirilak 2. 20:00

Kontzertua Kepa Junkera & Sorginak taldearekin. Gonbidatuak: Ara Malikian eta Ibon Koteron. Basurtuko Beti Jai Alai dantza-taldearen saioa.

> Kulturen Ataria. Sarrera dohainik

Apirilak 15. 19:00

Bilera Koteron (Alboka), Oreka Tx (Txalaparta) eta Garikoitz Mendizabal (Txistu) musikariekin. Kepa Junkera elkarlanean aritu da haiekin, eta lan batzuk ekoitzi dizkie.

Apirilak 22. 19:00

Bilera Laja, Epelde eta Elustondo anaiekin. Kepa Junkerak solasaldi lasaia egingo du haiekin, eta hainbat pieza joko dituzte batera.

Apirilak 29. 19:00

Bilera Eliseo Parrarekin (Gaztela) eta Xabier Díazekin (Galizia). Perkusioaren maisu hauek Kepa Junkeraren lanaz duten ikuspegia azaldu, esperientziak trukatu, eta pieza batzuk joko dituzte Bilboko musikariarekin.

Maiatzak 3. 12:00

Itxiera eta amaiera-jaia, trikitiaren eta dantzen erakusketa batez.

> Kulturen Ataria. Sarrera dohainik

 

*Jarduera Osagarrien Zentroa. 1. solairua

Sarrera dohainik, leku guztiak bete arte

Jaso gonbidapena Infopuntuan (informazio-gunean).