Soinu-jotzailea, era berean, Ibon Koteron albokariarekin eta Sorginak pandero-jotzaileekin ere egongo da, beraiekin grabatu baitu bere azken diskoa, 'Trikitixaren historia txiki bat'; Basurtuko Beti Jai Alai euskal dantza-taldea ere bertan izango da. Emanaldia bihar izango da, apirilak 2, osteguna, 20:00etatik aurrera, eta sarrera doakoa izango da. Saioa 'basque FEST' programazioaren barruan kokatzen da, egunotan euskal kultura hedatzeko Bilbon egiten ari den jaialdia, eta besteak beste, erakusketak, kontzertuak, kale-antzerkia, moda-erakustaldiak eta herri-kirolak ere eskainiko dira.
Trikitiaren maisuaren kontzertua aukera paregabea izango da zuzenean bere musika-lan propioez zein tradizioak emandako beste batzuez gozatzeko, betiere soinua protagonista izanik. Kepa Junkerari esker, erromeria eta kalejiretako berezko musika-tresna herrikoi honek mugak gainditu eta nazioarteko ospe eta proiekzioa irabaztea lortu du, munduko hainbat bazterretara iritsiz euskal folklore tradizionala eta leku oso ezberdinetako eragin musikalak bat egiten dituen soinu pertsonala tarteko.
Ara Malikian, luxuzko gonbidatua Bilbon
Emanaldiak luxuzko gonbidatua izango du. Ara Malikian entzutetsua agertokira igoko da Errekalde auzoko musikaria laguntzeko, biolina jotzeko bere estilo oso pertsonalarekin. Malikianek biolin-jotzaile klasiko gisa ospe handia du, eta musika-tresna hau genero eta soinu zeharo ezberdinetara zabaltzeko apustua egin du. Flamenko- eta jazz-artistekin kolaborazioak eta grabaketak egin ditu, filmetarako soinu-bandak sortzeaz gain. Musikari libanoarraren emanaldia agertokian benetako ikuskizun bihurtzen da ile nahasiari, birtuosismoari eta keinuei esker.
Koteron, Sorginak eta Basurtuko Beti Jai Alai
Aparteko beste gonbidatu bat Ibon Koteron bilbotarra izango da, albokaren funtsezko erreferenteetako bat; Neolito garaiko musika tresna bultzatu eta berritu egin du Koteronek, antzinako soinuari eutsiz betiere . Malikian eta Koteronez gain, Sorginak taldea ere izango da agertokian Kepa Junkerarekin; soinu-jotzaile bilbotarraren arabera, euskal musika herrikoiaren etorkizuna bermatzen duten zazpi pandero-jotzailez osatutako emakume-taldea da Sorginak. Euskal dantzen alorrean itzal handiko Beti Jai Alai taldea ere bertan izango da.
Kepa Junkera Azkuna Zentroan egoteak aukera paregabea ematen du 'Hauspo bidaiaria/El fuelle viajero' erakusketa ere ikusteko, musikari eta ekoizle euskaldunak laurogeigarren hamarkadatik gaur egunera arte egindako ibilbidea erakusten duena. Zentzumenetarako ikus-entzunezko erakusketa da, artistaren trikitiak, panderoak eta txalapartak ikusgai jartzen ditu, argazki pertsonalez eta diskoez gain, besteak beste. Musika-tresnetako batzuk publikoaren eskura daude, bisitariek doinu propioak sortu ahal izateko