Girls in Band taldeak 1930eko hamarkadako emakume instrumentistei omenaldia eskainiko die

uriola.eus 2015ko api. 17a, 08:44

Gaur, apirilak 17, ostirala, eta bihar, larunbata, 23:00etatik aurrera, Villa de Bilbao hotelean joko dute Elsa Lizundiak, Elisabet Raspallek, Queralt Campsek eta Lucia Martinezek. Girls in Band osatzen dute eta gure jazz-panoramaren belaunaldi batzuen ordezkariak dira.

Erritmo-oinarri sendoa dute ardatz eta energiaz eta komunikazioaz gain bat-batekotasunak ere badu lekua taldean; hasi euren konposizio propioetatik eta Miles Davis, Joe Henderson, John Coltrane, Lee Morgan, Dexter Gordon eta Wayne Shorter bezalako saihestu ezineko erreferentzietaraino doalarik haien errepertorioa.

Horrela omenaldi bat eskaini nahi diete jazzaren historian inolako onarpenik jaso ez duten eta ahaztuta geratu diren ehunka emakumeri. Taldearen izena The girls in band dokumentaletik hartuta dago. Dokumentalak 1930eko hamarkadatik orain arteko emakume instrumentisten istorio ezezagun eta hunkigarriak kontatzen ditu.

Talentu handiko emakume horiek jokabide sexistak eta arrazistak jasan behar izan zituzten baina eusten eta euren talentua onartzen ez zuen mundu batean erakusten jakin zuten.  1940ko hamarkadan emakumeek osatutako ehunka banda zeuden Ipar Amerikan; hala ere, swing eta jazzaren kronistek beste leku baterantz begiratu zuten.

Girls in Band izenaz Elsa Lizundiak, Elisabet Raspallek, Queralt Campsek eta Lucia Martinezek gogora ekarri nahi dituzte ahaztuta, onartu gabe eta entzunak izan gabe geratu ziren emakume horiek guztiak.

365 Jazz Bilbao zikloaren barruan, Bilbao 700 Fundazioak jazz musikako programazio egonkorra NH Villa de Bilbao, Hesperia Bilbao eta Silken Indautxu hoteletara zabaldu du. Kontzertuak ostiral eta larunbat gauetan eta dohainik izaten dira; tragoa hartzea nahikoa izango da kontzertuaz gozatzeko.