1.095 globok Bilboko zerua estali dute Iñigo Cabacasentzat justizia exijitzeko

uriola.eus 2015ko api. 12a, 14:36

Hiru urte pasa dira Iñigo Cabacas hil zenetik eta bere lagun eta senideek omenaldi beroa eskaini zioten atzo arratsaldean Maria Diaz de Haroko kalezuloan, Iñigo erail zuten leku berean. Beste behin justizia eskatu zuten, 1.095 globo zerura botaz, hil zenetik igaro diren egun eta gau kopurua islatuz. 

Iñigo Cabacasen lagun eta senideek hartu zuten hitza hiru urte eta gero "justizia eske" jarraitzen dutela azpimarratuz. Ehunka lagunen babesa jaso zuten eta Oihana Bartra eta Arkaitz Estiballesek bertsoekin egin zuten aldarria; era berean, ohorezko aurreskua eta txalaparta doinuak egon ziren.

Iñigo Cabacas 2012ko apirilaren 9an hil zen, Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek eman eta lau egunetara. Apirilaren 5eko gauerdiaren inguruan iritsi zen Basurtuko Unibertsitate Ospitalera, leherketaz buruhezurra hautsita eta garuneko lesio larriekin. Koma egoeran egon zen aireztapen mekanikoarekin, medikuek garuneko heriotza egiaztatu zuten arte.