Wendy Guerra eta Jasone Osoro solasean

uriola.eus 2015ko api. 23a, 08:35

Gutun Zuria letren jaialdiaren baitan, gaur bi emakume idazleren solasaldia jarraitzeko aukera izango da Alondegian. Kubatarra bata, euskalduna bestea. Saioaren hasieran Udane Goikoetxea kazetariak poema erotiko bat irakurriko du euskaraz, eta Mikel Inunziaga Inun kantautoreak musika jarriko dio.

Wendy Guerrak (Habana, 1970) Zinema Zuzendaritzako gradua du, eta Gabriel Garcia Marquezen ikaslea izan zen, San Antonio de los Bañosko Nazioarteko Zinema Eskolan eman zuen Cómo contar un cuento gidoi-tailerrean. Bere lan narratiboa hamahiru hizkuntzatara itzulita dago, baina bere herrialdean ez dago argitaratuta. 2010ean, Frantziako Errepublikako Chevalier de l'Ordre des Arts et des Lettres izendatu zuten.

Bere lehen eleberriak, Todos se van (2006) izenekoak, Bruguera Saria jaso zuen 2006an. 2008an, Nunca fui primera dama argitaratu zuen, eta 2010ean Posar desnuda en La Habana. Bere azken lanak, Negra (2013) eleberriak, Kubako lehen andre heroi beltza den Nirvana del Risco du protagonista nagusitzat, eta arrazakeria eta mina ditu hizpide. Poesia-egile gisa ere nabarmendu da, Platea a oscuras (1987), Cabeza rapada (1196) eta Ropa interior (2008) bezalako poema-liburuak eman baititu argitara.

Jasone Osororekin solasean

Jasone Osoro Informazio Zientzietan lizentziaduna da, eta kazetaritza-arloan egin du bere lan-ibilbidea. Gaur egun, ohiko lankidea da Diario Vasco egunkarian. 1998an argitaratu zuen lehen eleberria, Tentazioak, eta, harrezkero, hainbat antologiatan hartu du parte, esate baterako, Euskal idazleen ipuin erotikoak izenekoan (1998). Bi marra arrosa (2009) da idatzi duen azken eleberria. Euskal Idazleen Elkarteko burua da 2014. urtetik hona.

Ordua: 19:30ean.

Solasaldia gaztelaniaz garatuko da eta euskaraz edota ingelesez jarraitzeko aukera izango da.

Saio bakoitza hasi aurretik, Udane Goikoetxea kazetariak poema erotiko bat irakurriko du euskaraz, eta Mikel Inunziaga (Inun) kantautoreak musika jarriko dio.

Solasaldiaren ostean ‘Irakurlearen ordua’ egingo da Erakusketa Aretoko ataurrean; idazleak eta irakurleak elkarrekin aurrez aurre egoteko unea da.

www.alhondigabilbao.com