Bizkaiko txakolinaren uzta berria aurkeztu dute

uriola.eus 2015ko api. 29a, 09:14

Argazkia: bizkaikotxakolina.eus

2015eko Txakolin Eguna dela eta, uzta berria aurkezteko Jatorrizko Deiturak Euskalduna Jauregian egin duen ekitaldian Kontseilu Arautzaileko presidente den Iñaki Aretxabaletak esan du aurtengo uztaren kalitatea "bikaina" dela: "Produkzio-bolumena iazkoa baino handiagoa da, eta, horri esker, merkatu zein bezero berrietara zabaldu ahal izango da txakolina".

2015eko Bizkaiko Txakolinaren Jaia ospatu zuten atzo Euskalduna Jauregian. Iñaki Aretxabaleta, Kontseilu Arautzaileko Lehendakariak ongi etorria eman eta gero, Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzaren izenean eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, hitza hartu zuten. Azkenik, Itziar Ipiña, Aizia jatetxeko somelierrak egin zuen aurtengo Bizkaiko Txakolinaren dastaketa eta Arnasa taldeak jarri zuen musika.

Bizkaiko Txakolinaren 2014ko uzta dendetara eta ostalaritzako establezimenduetara iritsi dela ospatzeko brindisean, Jose Luis Bilbao eta Iñaki Aretxabaletaz gainera, Nekazaritzako diputatu Irene Pardo eta Jatorrizko Deiturako Kontseilu Arautzaileko presidente Iñaki Aretxabaleta ere izan dira. 

2015eko Txakolin Egunean parte hartu zutenen artean, Bilbaok hau adierazi du: "Harro sentiduten naz, ahaldun nagusi lez, uzta barri honen arrakasta ospatzeagaitik, gaur, hemen, Euskalduna Jauregian. Izan be, Bizkaiko txakolina gure enbaxadore jatorrenetako bat da, Jatorrizko deiturak azken hogei urtetik gorako ibilbidean egin dauen lanari esker". Eta honako hau gehitu du: "Baina ezin gara konformau orain arte lortu dogunagaz. Badakizue oso handigura naizela helburuak zehazteko orduan. Eta gura neuke gure txakolina ardao onenakaz batera egotea mundu guztiko dendarik onenetako apalategietan eta jatetxeetan". Jose Luis Bilbaok eskertu du "Bizkaiaren zati bat bidaiatzea gure txakolinaren milaka botilatako bakoitzean".

Bestalde, ahaldun nagusiak iragarri duenez, asteartean, Gobernu Kontseiluak onartu du 52.000 euroko diru-laguntza bat ematea Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Deiturari, lankidetza-hitzarmen baten bidez. Helburuak dira, besteak beste, kalitate-plan bat sustatzea produkzioa eta elaborazioa integratzeko; politika sektorialak garatzea mahastizaintzako eta ardogintzako sektore profesional eta lehiakor bat bultzatzeko, eta, azkenik, berrikuntza eta garapen teknologikoa garatzea Nekazaritza Sailarekin adostutako prozesu eta arloetan.

bizkaikotxakolina.eus