FANTen etorrera berotzeko 'Bitelchus' eta 'Cazafantasmas', besteak beste

uriola.eus 2015ko api. 30a, 12:03

Ohikoa denez, FANT jaialdiaren aurreko egunetan –maiatzaren 2tik 5era– hainbat jarduera programatu dituzte, sarrera doakoa dela. Pre-FANTen baitan, larunbat honetan BBK aretoan 80ko hamarkadako Bitelchus eta Cazafantasmas filmak proiektatuko dira. Igandetik asteazkenera, berriz, Dario Argento zinegilearen hiru film eta Estatuko areto komertzialetatik igaro ez diren beldurrezko hiru film ikusteko aukera izango da.

80ko hamarkadan, abenturen eta efektu berezien bitartez ikus-entzuleak liluratzen zituzten ekoizpen lan handiez bete ziren karteldegiak. Klasiko bihurtu diren Bitelchus eta Cazafantasmas, hain zuzen ere. FANT Pandilla ekimenak denboran bidaiatzera gonbidatu nahi ditu ikus-entzuleak, BBK Aretoan garai hartako zine saioen esperientzia errepikatzeko. Ez dira faltako kartelak, merchandising-a eta gominolak.

Hitzordua larunbat honetan izango da, maiatzaren 2an, arratsaldeko 19:00etan.

Gainera, Pre-FANTen programazioak 'Giallo' zine zikloa jasoko du, Bilboko CasaItaliarekin, Italiako Hizkuntzaren eta Kulturaren Euskadiko Institutu Ofizialarekin elkarlanean, Dario Argento zinegile ospetsuari eskainita. Sekzio horretan zinegilearen film ezagunenetako hiru emango dira: El pájaro de las plumas de cristal (1970), El gato de las nueve colas (1971) eta 4 moscas sobre terciopelo gris. Zine fantastikoaren maisu nagusietakoa den Dario Argento (Erroma, 1940) 'Giallo' generoak eman duen zinegile nagusietakoa da, eta bera izan zen genero hori ezagun egin eta Italiatik kanpora eraman zuena. Programatutako hiru filmak BBK aretoan ikusi ahal izango dira, maiatzaren 3an, 4an eta 5ean, arratsaldeko 20:00etan.

Horrez gain, Pre-FANTen barruan, duela denbora gutxi egin diren eta oraindik Estatuko areto komertzialetatik igaro ez diren generoko hiru film estreinatuko dira pantaila handian: The Spiering Brothersen Predestination (Australia, 2014), Ruairi Robinsonen The Last Days on Mars (UK, 2013), eta Greg Mcleanen Wolf Creek 2 (Australia, 2014). Hiruak arratsaldeko 18:00etan emango dira, eta sarrera librea izango da, BBK aretoko leku guztiak bete arte.

 

Trailer faltsuak

Beste alde batetik, joan den larunbatean itxi zen CANAL+ katearekin lankidetzan antolatu den Trailer Faltsuen II. Lehiaketara lanak aurkezteko epea. Oraingo honetan, existitzen ez den generoko film baten trailerra edo teaserra sortzea izan dute helburutzat. Ezinbestekoa izan da oinarri izango den film hori 2015eko maiatzaren 15ean oraindik errodatzen hasi gabe egotea. Guztira 45 trailer faltsu aurkeztu dira, eta horietatik hogei aukeratuko dira, Golem–Alondegia aretoetan eskaintzeko, ostegunean, maiatzaren 14an, gaueko 22:00etatik aurrera.

Epaimahaiak, 1.500 euroko lehenengo saria emango du, eta ikus-entzuleak izango dira, bozketa bitartez, 750 euroko bigarren saria emango dutenak. Proiekzio areto barruan edo kanpoan dauden ikus-entzuleek gehien atsegin izan duten lanaren aldeko botoa eman ahal izango dute, telefono zenbaki batera deituz –trailer bakoitzak bere zenbakia izango du– saioa amaitu eta 5 minutuko epean.

Trailer faltsuak baloratuko dituen epaimahaia hauek osatuko dute: FAS Zineklubak proposatu duen eta ikus-entzunezko eta argazkiko irudi espezialitatean EHUn Arte Ederretan lizentziatua den Cristina Ezkerrak, Joseba Gorordo gidoilariak eta Diego Kataranuit Euskadiko Zine Eskolako zuzendariak.