Basquiati eskainitako erakusketa "anbiziotsuena"

uriola.eus 2015ko mai. 5a, 10:36

Argazkia: Diez / The "Contract of fiction" between Basquiat and Diez

Uztailaren 3tik azarora bitartean ikusi ahalko da Guggenheim museoan Jean-Michel Basquiati eskainitako erakusketa. Estatubatuar graffitigile eta margolariari Espainiar estatuan eskaini zaion atzerabegirako erakusketa "anbiziotsuena" da antolatzaileen arabera.

Formatu handiko 100 bat margo, irudi eta argazki paratuko dituzte Guggenheimen. Ipar Ameriketako eta Europako bilduma publiko zein pribatuetako piezak dira. Dieter Buchhart komisarioaren esanetan, "azken urteotako proiektu anbiziotsuena da" Jean-Michel Basquiat: Now's the Time erakusketa, eta Basquiaten lanak "gaika aztertzen dituen lehena". Historia, identitatea eta graffiti eta hip hopari lotutako kale kultura bezalako gaika antolatuko da erakusketa.

Iturria: www.europapress.es

 

Jean-Michel Basquiat (New York, 1960-1988)

Estatubatuar graffitigile, margolari eta marrazlea zen. 28 urterekin hil bazen ere, bere lanak gaur egungo artistengan eragin handia izateaz gain, afroamerikar artelan kotizatuenak dira bereak.

Basquiatek, Haitiar baten eta Puerto Ricotar baten semeak, ikasketak bukatu gabe 1978an gurasoen etxea utzi zuen New Yorkeko kaleetan bizitzeko. Artearen alorrean eman zuen lehen pausoa Graffitia lantzea izan zen. Al Diaz lagunarekin batera SAMO©-ren izenpean (the same old shit, betiko kaka zaharra ingelesez) poesia eta sarkasmoa uztartzen zituzten gizartearekin kritikoak ziren esaldiz bete zituzten Manhattan hegoaldeko hormak. Honi esker Manhattanen SAMO© izena ezagun egin zen. Garai hartan Basquiatek postalak eta kamisetak eskuz egin eta saltzen biziraun zuen. Lagun batzuekin Gray musika taldea sortu zuen. New Yorkeko gau giroan murgiltzeari esker bertako artearen munduan, arte-areto jabeak zein artistak, lagun egin zituen, haien artean ezagunenak Andy Warhol eta Keith Haring izan ziren. Bere lehen erakusketen arrakasta berehalakoa izan zen eta urte gutxitan bere lana Europara ere iritsi zen, Kasselko documenta 7an parte hartu zuen. New York Times aldizkariaren azalean agertu zen eta bere lanei esker kalean bizitzetik aberats izatera iritsi zen. Andy Warholekin elkarlanean koadro ugari egin zituzten, baina lan hauen erakusketak oso kritika txarrak jaso zituenez Basquiat bere lagun Warholengandik urrundu zen eta bere buruarekiko konfiantza galdu zuen. 1987an Warhol hil zela jakiteak lur jota utzi zuen. Bere bizitzako azken garaian droga-menpekotasuna jasan zuen eta 1988an droga gaindosi batez hil zen. Bere bizitza laburrean 1.000 margolan eta 2.000 marrazkitik gora sortu zituen.

Bere lanak garaiko gizartea irudikatzen zuela, aurren marrazkien indar eta askatasuna dutela esan izan da. Lehen garaian zaborretan jasotako ate, leiho, hozkailu... gainean marrazten zuen. Bere irudietan giza gorputza, garezurrak, gaztelera edo ingelesezko hitzak, erantsitako paperak... kolore biziz nahasten dira. Kritikari askok graffiti eta afrikar artearen eraginak azpimarratzen dituzte. Garaiko minimalismoari aurre egiten zion neoespresionismoaren barruan sailkatu izan da bere lana. Alemaniako neoespresionistei basati berriak deitzen bazioten ere, Basquiati bere lanari "basati" deitzea arrazista iruditzen zitzaion.

Iturria: eu.wikipedia.org