'Karramarroen Hiria' (Autoedizioa, 2006), 'Nora zoaz' (Autoedizioa, 2009) eta 'Katiuska gorriak' (Taupaka elkareta, 2012) diskoak argitaratu ondoren, eta Euskal Herriko zein Bartzelona, Madril, Valentzia, Girona, Alacant eta Londres moduko hirietan zuzeneko kontzertuak eskaini ostean, Ea herriko musikaria disko berria prestatzen hasi da.
Laugarren lan honek 'Kanta txikien indarra' izenburua izango du eta Nerea Alberdi (bibolina), Mikel Nuñez (pianoa), Txema Arana (bateria) eta Daniel Gonzalez (baxua) musikarien laguntzarekin Bilbon zuzeneko berezia eskainiko du. Gaizka Peñafiel trikitilaria, Maria Rivero eta Mikel Markez abeslariak ere parte hartuko dute disko berrian.
Bergararen hitzetan, lan berrian erronka bikoitzari aurre egingo diote: "Alde batetik abesti berriak publiko aurrean aurkeztuko ditugu eta bestetik kontzertua zuzenean grabatuko dugu. Ondorioz ez dugu estudioko tranparik izango diskoan, bertan entzungo dena zuzenekoa izango da. Modu adierazgarrian, bizian eta gertukoan".
Damien Rice, Glen Hansard, Herman Dune edo Ray Lamontagneren ahotsak eta doinuak gogoraraziz, melodiaren garrantzia eta letretan kutsu poetikoa ederki islatzen dira Josu Bergararen musikan.
Pau Alabajos, Aiert Erkoreka (Extremoduro), Roberto Crespo (Ke No Falte), Napoka Iria, Axular Arizmendi (Nahixan), Marc Ramiá, David Sanchez edo Nerea Alberdi (Dr. Maha´s Miracle Tonic) musikariekin kolaboratu du. Horrez gain, bere musika ezagutzera emateko bideoklip ezberdin eta deigarriak landu zituen aurreko diskoetan Iñigo SBeltza zuzendariarekin batera (Bikini Beltza, Nora zoaz) eta ezaguna egin da ere, Athletic Club taldearekin lotutako bi abesti egiteagatik: "Gure Kanta" eta "Aitxitxen bufandie".